Helduen eskola berria inauguratu dute

Txintxarri Aldizkaria 2010eko abenduaren 16a

Hasiera batean ikasturte berriarekin egoitza aldaketa izango zela aurreikusita bazegoen, azkenean urtearen amaiera arte itxaron behar izan dute Lasarte-Oriako H.H.I. Helduen Hezkuntza Iraunkorreko ikasle eta irakasleak Osasun Zentroko hirugarren solairura joateko. Azkenean iritsi da eguna, eta asteartean instalazio berriak inauguratu ziren.

Inaugurazio ekitaldian Jesus Maria Zaballos Lasarte-Oriako alkatea, Julen Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako ordezkaritzako hezkuntza ikuskatzailea, eta Paco García, H.H.I. zentroko zuzendariak izan zuten zinta mozteko ardura eta ohorea. Hauetaz gain, herriko zinegotzi, H.H.Iko zuzendaritza taldea eta ikasle mordoa bildu zen egoitza berriari ongi etorria emateko.
Zinta moztu eta aurkezpen ekitaldiarekin hasiera eman zioten agintariek.

Eraikin honen garrantzia

Denon jakinean dago inoiz ez dela berandu ikasten hasteko, eta hori argi geratu da Lasarte-Oriako H.H.Iak hartu duen dimentsioa ikusita. Egun 400 ikasle eta 14 irakasle daude proiektu honen baitan. Hau guztia gogoratu eta “bizitza ikasketa prozesu bat da, inoiz ez zaio ikasteari utzi behar” adierazi zuen Jesus Maria Zaballok alkateak.
Julen Bengoetxea, Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako ordezkaritzako hezkuntza ikuskatzaileak instalazioen egokitasuna azpimarratu zuen eta argi utzi zuen Eusko Jaurlaritzak helduen hezkuntza jarraituarentzako bideak ezartzen jarraituko duela.

Errealitate bihurturik

Eraikin zahar edo eraikin konpartituetan egon da orain arte H.H.I, baina asteartetik aurrera “beraientzat espresuki egin den lokala erabilgarri dute” azaldu zuen Jone Altuna zinegotziak.
Paco García, zentroko zuzendaria kontent eta hunkituta ikusi genuen “azkenean proiektu hau errealitate bihurtu da eta gainera puntako teknologia eta instalazio egokiekin iritsi zaigu” azaldu zuen.
Ikasleak ere kontent daude instalazio hauekin, eta horregatik ez zuten kale egin. 100 ikasle bildu ziren aurkezpen ekitaldian eta ondorengo lunch-ean.

Instalazioak

Modernitate guztiekin iritsi da Lasarte-Oriara H.H.Iren eraikin berria. Artia enpresa izan da egoitzak gaur erakusten digun irudiaren sortzaile nagusiena.
Guztira 750 metro karratu baino gehiago eta zortzi ikasgela dituen egoitza da. Hauetako gela bat informatika aretoa izango da eta beste batek laborategi-sukalde erabilpena du.
Gainera, ekitaldi handientzako bi ikasgela elkartu eta bakar batean bihurtu daitezke, edukiera bikoiztuz.
Ikasgela hauetaz gain, idazkari eta zuzendaritza gela, ofimatika instalazioak jasotzen dituen gela, liburutegi osatua eta kafea hartzeko gela aurkitu ditzakegu.
Instalazio zabalak eta ikasle eta irakasle hauen beharretara moldatuak dira.