Pili Bodegas Zizurkilgo eta Lazkaoko krosetan garaile

Txintxarri Aldizkaria 2010eko abenduaren 17a

Asteburuan, abenduaren 11 eta 12an, Zizurkilgo gau krosa eta Lazkaoko Antzar krosa-Eñaut Aldanondo Oroimenezkoa burutu ziren eta bietan Pili Bodegas izan zen garaile.
Lasarte-Orian bizi den korrikalariak ez zuen arazorik izan Zizurkilgo proban, 25 minutu eta 42 segunduko denbora egin zuen bigarrenari, Nerea Etxeberria azpetiarrari ia minutuko errenta atereaz; Antzar krosean, ordea, azken metroetara arte, ez zuen Rosi Talavera atzean utzi eta garaipena lortu zuen,21:06 denbora eginez.
Piliz gain, Zizurkilgo gau krosean Ostadarreko atletismo taldeko lagunak eta herritar batzuk ere egon ziren, hauek ziren haien denborak: Julen Ollokiegi, 27:09; Juan Maria Marcos, 27:12; Jose Ignacio Elvira, 27:32; Joseba Iparraguirre, 29:21; Mikel Ormazabal, 29:40; Jose Ramon Mendizabal, 30:56; Asier Avila, 31:44; Joakin Brit, 32:04; Ismael Garcia, 32:38; Iñaki Letamendi, 33:31; Leandro Romo, 35:12; Maria Peñafiel, 35:14; Xabier Prada, 36:15 eta Jesus Balerdi, 36:17.

Bazkide kanpaina

Arestian aipatutako atletismo taldea, Lasarte-Oria Bai krossa, Kross Txikia, areto-futboleko txapelketa, gomazko pala txapelketa, Moso memoriala, San Pedro jaietako bola-joko jaurtitzeak, Garcia-Egaña oroimenezkoa, txirrindularitza taldea, mendi taldea, Beltza-Ostadar errugbi eskola, tenisa, futbol eskola eta federatutako 12 futbol talde, hori da, Ostadar Kirol fundazioaren esku dauden talde eta lehiaketak.
"Udalak emandako laguntza 1578 eurotakoa da eta kopuru horrekin Kirol fundazioak herriarekiko duen konpromisoa aurrera eramatea zail du," jakin arazi dute kirol elkartetik.
Herritarren eta babesleen laguntzari esker, lan honi jarraipena ematen zaio eta, horregatik, horiei guztiei elkarteak eskerrak eman nahi dizkie.
Era berean, bazkide ez direnei kirol elkarteko kide izateko deia egiten die, 2011. urteko bazkideen kanpaina eginaz. Abenduaren 23a arte egongo da zabalik eta bazkide egitea Ostadarren egoitzan, Geltoki kalea 25, egingo da arratsaldeko, 16:00ak eta 20:00ak bitartean.

Infante Euskadiko selekziora

Honetaz gain, Ostadarreko emakumeen kadete taldean dabilen Miriam Infantek Euskadiko selekziorako deia jaso du, berriro ere.
Valentziako Erkidegoan, gaur hasi eta igandera arte, jokatuko den Espainiako txapelketako lehenengo fasean parte hartuko du Lasarte-Oriako futbolari gazteak.