Ezker abertzalearen legeztapenaren aldeko “Lip Dub”a bihar filmatuko da

Txintxarri Aldizkaria 2010eko abenduaren 17a

Ezker abertzalearen eskutik Lip Dub fenomenoa iritsiko da bihar Lasarte-Oriara. Eguerdiko 13:30an, Nagusi Kalean, Ilargi tabernaren parean egingo da grabaketa eta bideoklip formatu berri honetan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diete legeztapenari babesa eman nahi dion demokrata orori.

Ekimen erraldoi baten bila

Ezker Abertzaleak Iruñean proiektu politiko eta antolatzailearen aurkezpena egin ostean, ekimen ezberdinen bidez bere legeztapenaren aldeko aldarria egingo zuela eman zuen aditzera.
Gauzak honela, abenduaren 18an legeztapenaren alde euskal herritarrak kalera atera eta ekimen erraldoi batean parte hartzeko eskatu dute.
Era honetara, euskaldun gehiengoak proiektu politiko guztientzako aukera berdintasuna aldarrikatzen duela erakutsi dezan.
Ekimena herri desberdinetan egingo den giza kateetan izango du oinarri. Ezker abertzaleko ordezkariak azaldu digutenez, asmoa horiek grabatu eta guztiak bateratuz bideo bat osatzea da.
Horregatik, ekimen alai eta moderno honetan lasarteoriatarrak parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. Irudi mugikorra, ez estatikoa da bilatzen dena. Beraz, ekimeneko parte hartzaileak sorgin dantzako musika oinarri izanik, Lip Dub txiki baten antzera, dantzatu beharko dute.

Guztiek dute lekua

Ezker abertzaleko ordezkariek azaldu digutenez, garrantzitsua da herritarrak talde gisa, edota partikularki identifikatzen dituen gauza batekin agertzea; banderatxoa, zapia, brusa, kamiseta, pankarta...
Era honetara, lasarteoriatarrek legeztapenaren aldeko adierazpen dibertigarrian parte hartzeko aukera dute bihar.