Ahaztu behar ez diren herritarrak

itxaso-moreno 2010eko abenduaren 17a

San Pedro Elizaren barruan talde ezberdinak aurkitzen ditugu behartsuenen alde lanean. Hauen artean espetxe-pastorala dugu, herriko presoei gertutasuna eta babesa eskainiz. Gabonak hurbil ditugula aste honetan zehar presoei euren gabonsaria edo oparia emateko parrokian produktu ezberdinen bilketa egin dute. Presoak ez ahazteko data garrantzitsuak datozkigu.

Urte ugari dira espetxe-pastorala Lasarte-Orian lanean hasi zela, 17 urte hain zuzen ere. Herriko presoak ez ahaztea eta hauei gertutasuna eta babes emozional eta juridikoa eskaintzea dute helburu. Orotara 18 preso lasarteoriatar daude kartzeletan. Hauetako 7 Martutenen eta beste 11 estatuko espetxe ezberdinetan banaturik.
Lasarte-Oriako herriarekin harremana ez galtzea eta hor norbait dutela oroitu nahi diete herriko presoei espetxe-pastoraletik “bakarrik daudela esan ez dezaten ahalegintzen gara, horregatik asko ez bada ere guk emateko duguna eskaintzen diegu” azaltzen dute. Lan polita eta esker onekoa dela esaten dute: “euren bizitzan murgiltzen zara eta zure ahalmenen arabera laguntzen saiatzen zara”.
Orotara sei herritar dira presoekin egiten den lan guztiaz arduratzen direnak, eurak ere presoen senitartekoekin harremanetan egoten dira “eta behar gaituztenean laguntzeko prest egoten gara”.
Askotan, gertaera baten aurrean ez dakite zer egin “gure pastoralean abokatu boluntarioak ditugu momentu horietan informatzeko” azaldu digute.

Burutzen dituzten lanak

Herrikoak diren presoei laguntza eta babes juridikoa emateaz gain, proiektu ugari aurrera eramaten dituzte. Hau guztia, aurrera eraman ahal izateko Caritas-ek ematen dien diru laguntza daukate.
“Egiten ditugunak gauza txikiak badira ere, pozez hartzen dituzte,” adierazi dute. Orain Gabonak hurbiltzen direla, presoen familiakoei bi pertsonentzako bidai bat, joan-etorria, oparitzen diete. Honetaz gain, preso bakoitzari 90 euro ematen diete eta Martuteneko espetxean dauden presoei ere gabonsaria eramaten diete.

Gabonsaria

Herritarrak bere borondatez ematen dituzten gauzekin osatzen dute gabonsaria. Horretarako aste honetan zehar bilketa egin dute.
Espetxe-Pastoralak hainbat produktu jaso ditu, besteak beste, barruko arropa berria, galtzerdiak, tabakoa eta metxeroak, hortzetako pasta eta eskuilak, gutun-azalak eta zigiluak, bainu-gel, desodorante barra (kristalezkoak izan ezik), azazkal-moztekoak, pilak, turroi biguna eta bainuentzako txankletak.
Gauza hauetaz gain, galtzerdiak ere oparitzen dizkiete eguberrietan presoei “kasu honetan preso guztiei, hurbil eta urruti daudenei”.
Galtzerdiak dendetakoak edota eskuz eginikoak izan daitezke “jende asko hurbiltzen zaigu beraiek egindako galtzerdiak eskaintzera, eta horien barruan Biyak Bat zaharren elkarteko emakumeak ditugu.”

Eskakizunak

Presoak eta euren familiak laguntzeaz gain bizi duten egoeran murgiltzen dira eta aldarrikapen batzuk ere egin dituzte.
Batetik, preso politikoak etxetik hurbil dauden espetxeetara ekartzea eta bestetik, ihesa duten pres oak beraien gaixotasuna hobeto eraman ahal izateko euren etxeetara eramatea eskatzen dute: “Martuteneko espetxean ikusten dugu presoen bizi kalitatea behera doala, beraz, gaixo daudenak beraien azken egunak ahalik eta hobekien igaro ditzaten familiakideen babesean izan dadila eskatzen dugu”.
Herriko preso bat, aipatutako azken egoera honetan dago, “ez zaio asko geratzen, eta espetxean dagoen egoera kontuan hartuta gutxiago”. Espetxetan dauden medikuak eta azterketak egiteko makinariak “ez dira guk kanpoan ditugunak bezain onak”.
Bi eskakizun hauek Espetxe instituzioen zuzendariari bidali dizkiete “inoiz ez dugu erantzunik jaso, eta jada 17 urte pasa dira lehenengo eskutitza bidali genuenetik”.

Beraien berri

Gauzak ematez gain presoekin harreman estua dute “eskutitzak bidaltzen dizkiegu, eguberrietan postaltxoak... urte osoan zehar eurekin harremana mantentzen saiatzen gara”. Presoak ez dira ahazten “beraietaz oroitzen garela sentiarazi nahi diegu”.
Eskutitzak bidaltzeaz gain, Lasarte-Oria herriarekin duten harremana ez itzaltzea dute helburu “horregatik urtean bitan ateratzen den Lasarte-Oria aldizkaria bidaltzeaz arduratzen gara.” Herriaren parte direnez herriaren berri jakin behar dutela uste dute pastoralekoek.

Bisitak

Eskutitzak, opariak, babesa... espetxe-pastoralaren lana haratago doa, “hilabetean behin Martuteneko espetxera joaten gara bertako presoak bisitatzera”.
Espetxeetan zaila da sartzea “baina guk Martuteneko kaperauaren bitartez lortzen dugu baimena, bestela gaizki edukiko genuke”.