Eguberri ekonomiko eta osasuntsuak

Txintxarri Aldizkaria 2010eko abenduaren 17a

Modu ekonomikoan etxea nola apaindu eta Eguberri edo Gabon gauerako plater nagusia nola egin ikasi dute egun hauetan burutu diren Eguberrietako jardunaldietara hurbildu ziren herritarrak. Bart, diabeteseko gaixoentzat aholkuak entzuteaz gain, glukosaren gehiegizko kontsumoak osasunean izan ditzaketen ondorioen berri ere izan zuten.

Eguberrietako jardunaldien lehenengo saioan haria, puxika bat, kola zuria eta ura Eguberrietako zuhaitzerako bola bat egiteko nahikoak direla erakutsi zuen Arantxa Martin Ormazabal loradendako lagunak.
Honetaz gain, Ramon Ormazabal eta Arantxa Martinek, besteak beste, Pazko loreen loreontzia apaintzeko modu desberdinak edo sagarrekin mahai zentro naturala eta dibertigarria nola egin azaldu zieten hitzaldi aretora hurbildu ziren herritarrei.

Eguberrietako menua

Bestalde, asteazkenean, Lurra XXI tabernako sukaldaria den Jose Ramon Garzarainek hitzaldi aretora bertaratu ziren gizon eta emakumeei ondoan argitaratzen dugun Legatza porru eta ganbaz betea errezeta egiten irakatsi zien.
Era berean, haien galderak erantzun eta bere aholkuak eskaini zizkien, legatza nola moztu, saltsa nola zuritu, etab.

Eguberriak eta dieta

Eguberrietan gainera, dieta orekatua alde batera uzten da. Horregatik, bart jardunaldiei amaiera emateko, Ziortza Marzan dietistak eta diabetes-hezitzaileak gaixotasun honen nondik norakoak, nola sortzen den, zer sortzen duen, zein mota dauden etab. azaldu zuen.
Era berean, diabetes gaixoek eraman behar duten dieta motari buruz mintzo zen, batez ere, datozen egun hauetan.
Ostean, herritarren galderak erantzun zituen.