17_Kanpoan hotz barruan bero

jon-altuna 2010eko abenduaren 17a

Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslariak ostiralean eman zuten kontzertuaren amaieran zuen sentsazioak laburbiltzen du 2010eko multimusikala jaialdia: Aiorak bizitzan lehenengo aldiz kantatu zuen oholtza baten gainean txamarra jantzita, baina aldi berean beheko berotasuna sentitu zuela adierazi zuen. Horixe izan da 9. multimusikala. Hotz egin badu ere, kontzertuetan izan diren herritar eta kanpotarrek ondo pasatzeko gogoa erakutsi dute, eta giro beroa izan da kontzertu guztietan. "Kanpoan hotz baina barruan bero" izan zen iaz Txintxarrin multimusikalari buruz idazterakoan jarri genuen izenburua eta aurten ez dugu izenburua aldatu.
Ederki prestatu zuten antolatzaileek Oria erreka bazterrean kokatua den Michelingo Tenis pista Multimusikala egiteko. Bi berogailu erraldoi hotzari aurre egiteko, pantaila erraldoia bideoak emateko, barra luzea bazter batean ikusleen egarria asetzeko, oholtza ederra musikariak eroso sentitzeko, musika ekipo on bat,... ez zen ezer falta jaialdi bikaina burutzeko, ikusleen parte hartzeko, gozatzeko eta ondo pasatzeko gogoa soilik eta hauek ere ondo erantzun zuten.