Egun osoko festa izango da gaurkoa, Multimusikalak proposatuta herriko zenbait elkarte bildu dira Euskal Jaia antolatzeko helburu honekin: herritarrek festan parte hartzea eta horixe eskatzen diete herritarrei, garai bateko baserritarren arropak jantzi eta ondo pasatzera ateratzeko kalera, egun osoan horretarako aukera egongo da eta.
Kalejira
Kalejira handi batekin emango zaio hasiera euskal jaiari. Udaletxe aurretik goizeko 11:00etan abiatuko da kantu jira hori trikitilari, txistulari eta Xumela abesbatzarekin.
Gero, Michelinen hamaiketakoa, joku herrikoiak, bazkaria, kantaldi eta herri erromeria antolatu dituzte. Bazkalostean, herriko bertsolariak arituko dira, Fermin Balentzia bakarlari ezagun eta “maitatuak” kantatuko du eta ondoren, arratsaldeko 17:00 aldera, “lasarteoriatarrak dantzara” bidaliko dituzte antolatzaileek: erromeria izango da Michelinen, bertaratzen direnek nahikoa dantza egin dezaten. Batetik, Erketz taldeko kideen laguntzaz, jaialdi “didaktikoa” burutuko dute Amalurreko musikariek lehen bi orduetan, hau da, “herri erromeri” honetan fandango, arin arin eta kalejiren artean beste dantza erraz batzuk erakutsi edo gogoratuko dituzte, Bestalde, ondoren, 19:00tik aurrera, Itzartu taldearekin nahikoa dantza egiteko aukera izango da.
Ostadar, Erketz, Ttakuneko Bertso Eskola, Amalur trikitixa eta pandero eskola, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskola eta Xumela elkarteak aritu dira besteak beste, Euskal jaiaren antolaketan Multimusikala Elkartearekin batera.