Egun osoko Euskal Jai ederra

marikarmen-ormazabal 2010eko abenduaren 20a

Goizean hasita euskal giroa nabarmendu zen atzo herrian, Multimusikalaren barruan antolatutako lehenengo Lasarte-Oriako Euskal Jaian.
Kalejira jendetsuarekin eman zitzaion hasiera egunari. Txistulariak, Amalurreko trikitilariak, Erketzeko dantzariak, Xumelako kantuzaleak eta Kukukako partaideak aritu ziren herriko kaleak girotzen eta herritarrak esnatzen. Kantujira Michelingo gunean bukatu zen Kukuka taldearenabestia dantzatuz. Ondoren, indarrak hartzeko Ostadarrek prestatutako hamaiketakoan pintxo beroa hartu eta haurren jolasen tartea hasi zen. Txandaka, gaztetxoenak eta gero txikienak, zaku lasterketan eta sokatiran ikusi genituen, zutenak eta bi emanez beraien taldeak irabazteko.

Bazkaria

Ehun lagunetik gora bildu ziren Arrieskalleta elkarteak prestatutako bazkaria dastatzeko. Timon tabernakoak ere hurbildu ziren bazkarian abesti batzuk eskaintzera. Tabernak honek ere parte hartu du Multimusikalean, karaoke gauak izan dira bertan ostiral eta larunbatean. Gero, bazkalosteko giroaren ardura Fermin Balentziak eta bere gitarrak hartu eta kantuan jarri zituen inguruko guztiak.
Jarraian, Beñat Iguaran eta Unai Gaztelumendi bertsolariek saio polita egin zuten goi-goitik.

Dantza eta erromeria

17:00etatik aurrera dantza tailerra egon zen Erketzen eskutik. Dantzari bat gidari zela, eta plazan beste batzuk erakusle, nahi izan zuen orok dantzak ikasi eta dantzatzeko aukera ederra izan zuen. Parte-hartzaile guztiek ederki gozatu zuten.
Euskal Jaiari eta era berean 9. Multimusikalari amaiera emateko, Itzartu talde lasarteoriatarrak erromeri paregabea eskaini zuen. Modu ezin hobean bukatu zen beraz jaia, dantzatuz eta kantatuz.