Aupa Euskal Herriko Futbolariak!!

Txintxarri 2010eko abenduaren 20a

Azkeneko bi urtean ez da Euskal Herriko futbol selekzioaren gabonetako lagunarteko partidarik izan, EAEko Federazioa eta jokalariak ez zeudelako ados oinarrietan -selekzioaren ofizialtasunari buruz, batik
bat-, orain ere ez dira akordiora heldu, baina partida azkenean jokatu egingo da. 'Euskal selekzioa' izenpean ariko da taldea. Hain zuzen, abenduaren 29an izango da partida, Bilbon, San Mamesen.
Futbolarien borondateari esker jokatuko da lagunarteko partida hori. "Federazioaren jokabidea etsigarria izanagatik ere aurrera egitea erabaki dugu", dio jokalarien oharrak. "Partida hau aro baten amaiera eta berri baten hasiera izatea nahi dugu. Aurten jokatzeko prest gaude, baina aurrera begira beste bide batzuk landu beharko direla uste dugu".
Federazioarekin bilerak izan dituzte jokalariek, eta berriro nabarmen geratu da ikuspegi desberdinak dituztela. Izenean ez da ados jartzeko arazorik izango -'Euskal selekzioa'-, baina jokalariek ofizialtasunaren aldeko pauso eraginkorrak emateko eskatzen diete zuzendariei. Horiek jokalariei ez diete konpromiso garbirik erakutsi. "Euskadiko Futbol Federazioak ez du Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunaren bidean urratsak egiten saiatzeko borondaterik. Partidak etekin ekonomikoa ateratzeko helburu soilarekin antolatu nahi ditu, hori da selekzioaren inguruan duten benetako kezka eta arrazoi nagusia. Guk, euskal futbolariok, Euskal Herriko selekzio ofiziala lortzeko bidean ahalegin pixka bat eskatzen dugu, besterik ez; munduko beste edozein futbol jokalarik bezala zein selekziotan jokatu erabakitzeko eskubidea baino ez", dio jokalarien oharrak.
Futbolariei, ordea, iruditu zaie beste urtebete partida ez jokatzea askotxo dela eta aurten, behintzat, ariko dira. Aldarrikapen eguna bihurtzeko dei egin dute. Partidaren aurretik zelaian argazkia aterako dute, Nazio bat leloarekin, eta Euskal Herriko mapa azalduko da. "Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoa ordezkatzen dituen selekzioa da gure selekzioa. Ez gara Espainiako selekzio autonomiko bat. Nazio izaera duen selekzioa da gurea eta ofizialtasuna behar dugu, munduaren aurrean gure Herria ere
ordezkatua egon dadin".
Horretaz gain, Esaitek manifestazio nazionala antolatu du hilaren 29rako Bilbon, euskal selekzioaren eta Venezuelaren arteko futbol partidaren egunean. "Nazioa, ofizialtasuna. Lortu behar dugu, lortuko dugu" leloa izango du manifestazioak eta 18.30ean abiatuko da Bilboko Arenaletik.
Euskal selekzioak eta Venezuelak jokatuko duten partidaren eguna aldarrikapen eguna bihurtu nahi du Esaitek eta egun osorako egitaraua prestatu du, pailazoen emanaldi, triki-poteo eta musika emanaldiekin, besteak beste. Partida ikusteko pantaila erraldoia ere jarri nahi dute, eta horretarako Bilboko Udalarekin harremanetan jarri dira.
Beraz, lasarteoriatar guztiak animatzen ditugu BIlboko aldarrikapen-festa horretan parte hartzea, Euskal Herriko selekzio ofizialak behar ditugulako!

Lasarte-Oriako Bai Euskal Herriari