Erromeria, bertsoak eta euskal giroa bihar Sagardotegi kaleko Santo Tomas ferian

Txintxarri Aldizkaria 2010eko abenduaren 20a

Ttakun Kultur Elkarteak aurten ere ez du huts egingo Santo Tomas egunean eta urtero bezala feria antolatuko du bihar Santo Tomas egunean.
Azken urtetan ohitura den bezala, arratsaldez izango da, 17:00etatik 20:30era Sagardotegi kalean.
Bertan, txistorra, txokolate eta gazta taloak eta momentuan danbolinean erretako gaztainak dastatzeko aukera eskainiko zaie hurbiltzen diren guztiek, eta Otegi sagardotegiko sagardoa dohan banatuko da.
Gainera, aurten etxeko txikitxoenek taloak egiten ikasteko aukera izango dute antolatu den tailerrean.
Eta herritarrek talo eta gaztainak dastatzen dituzten bitartean, txerria ikusi ahal izango dute Sagardotegi kalean.
Postu eta txerriaz gain, aurreko urteetan hasitako bideari jarraituz, erromeria egingo da.

Amalur eta Xumela

Hasteko, arratsaldeko lehen orduetan, Amalur trikitilari taldea eta Xumela abesbatza arituko dira plaza girotzen eta ondoren, trikitilari eta txistularien txanda izango da. Eurek jarraituko dute arratsaldea alaitzen.
Arratsaldeak aurrera egin ahala, Ttakun elkarteko bertso-eskolako kide batzuen saioa izango da erromeriaren ataria.

Erromeria herrikoia

Erromeria erabat irekia izango da eta dantzan aritzea gustatzen zaion edonork, haur, gazte edo helduak, parte har dezake, halaber Erketzeko erromeri ikastaroko ikasleak bertan izango dira, trikitilari eta txistularien doinuekin oinak astintzen.