Ederki prestatu zuten antolatzaileek Oria erreka bazterrean kokatua den Michelingo Tenis pista Multimusikala egiteko. Bi berogailu erraldoi hotzari aurre egiteko, pantaila erraldoia bideoak emateko, barra luzea bazter batean ikusleen egarria asetzeko, oholtza ederra musikariak eroso sentitzeko, musika ekipo on bat,... ez zen ezer falta jaialdi bikaina burutzeko, ikusleen parte hartzeko, gozatzeko eta ondo pasatzeko gogoa soilik eta hauek ere ondo erantzun zuten.
Aurkezpen berezia
Ostiraleko aurkezpen ekitaldian, Jesus Mari Zaballos Lasarte-Oriako alkate eta antolatzaileen arteko hartuemanen parodia antzeztu zuten herriko gazteek: tokia adosteko negoziaketa, Udalak eskatu duen 900 euroko fidantza, Michelingo komunak erabiltzeko debekua,... guztia, alkate eta bere bizkartzainen eta gazteen arteko tenis partida batez irudikatua.
Ondoren antolatzaileen taldeko gazte batek ekimenaren filosofia eta helburuak azpimarratu zituen, hasteko "jaialdi honen antolakuntza osokiro autogestioan oinarritu dela" nabarmenduz eta ondoren ekimena nondik, nola eta zergatik sortu den aipatuz: "Orain 10 urte, Txorimalo gazte kolektiboaren sorrerarekin batera egin genuen kultura era herrikoi batean jendarteratzeko hautua, eta horretan dihardugu ordutik. Jaialdi hau ez da ohituta gauden kontsumo parametroetan ulertu behar, Multimusikala zu zeu baitzara, denon erabilerarako bitarteko kolektibo bat baita".
Antolatzaileen izenean gonbidapena luzatu zien ondoren hizlariak Michelinen aurkezpena ikusten zirenei, "hainbeste gogorekin prestatu dugun asteburuaz" gozatzeko, berriro gogoratu zuen "asanblada eta autogestioaren bidetik dena posible dela, Multimusikala kasu" eta bi lelo luzatuz amaitu zuen, "hausnartu, bildu, antolatu eta ekin" eta "Gora euskal gaztedia".
Toki aproposa
Hilabetetako hartuemanen ondoren, Udalak Teniseko pistetan egiteko aukera eskaini zien antolatzaileei eta ederki baliatu dute hauek aukera, toki aproposa izan baita hiru egunetako egitarau mardula garatzeko. Ostiralean, herriko zenbait tabernek emandako pintxo-janaren ondoren, Arramazka Lasarte-Oriako taldea izan zen lehenengoa oholtza gainean giroa berotzen. Gero, Zea Mays-ek bere maisutasuna erakutsi zuen eta Aiora Renteria abeslariaren ahots indartsua inguru osoan zabaldu zen. Bukatzeko Marianitoz Blai taldeak izugarrizko festa jarri zuen Michelingo gunean.
Larunbatean, 120 lagunek babarrunak bazkaldu zituzten Michelinen, baina, gero, arratsaldetik aurrera, giro beroagoa egon zen tabernetan Michelinen baino, batez ere herriko taldeek jo zuten tabernetan. Jalgi eta Abend-en arratsaldeko 5etan hasi ziren kontzertuak, eta hemen herriko Hilotz taldeak ikustera joan ziren hainbat gaztetxoen aurrean gustura eskaini zituen bere abestiak. Lagunak ez ziren geldirik egon ia kontzertu osoan.
19:00etatik aurrera giro bikaina izan zen Xirimirin. 25 lagun etorri dira autobusez Kataluniako Banyoles herritik Multimusikalean parte hartzeko eta hango 085 taldeak Xirimirin jotzen zuenez bertan izan ziren guztiak dantzan.
Kataluniarrak Xirimirin
All Became Dust-ek ireki zuen kontzertua, ondoren Oreindik, Lasarte-Oriako Jokin Telleria bateriajolearen taldeak giro bikaina jarri zuen eta azkenik 085 (Banyoleseko bonberoen telefonoa) taldeak hainbat talderen bertsioak eskaini zituen, tartean Euskal Herriko talde batzuena.
Giro oso ona jarri zuten Kataluniarrek. Tronpeta eta perkusioa jotzen zuen musikaria nabarmendu zen, perkusio hainbat instrumentu ezberdin jo baitzituen abesti bakoitzean aldatuz.
Herriko taldeak
19:30etatik aurrera, Sustrai jendez leporaino beteta izan zen, Pasaiako Yellow Pace eta herriko Aurka taldearen kontzertua ikusteko. Hauek Pasaiatik etorritako ikusle zaratatsuei eskaini zieten kontzertua.
Aipagarria da, ordu berean, egon zirela jotzen herriko hiru talde, Oreindik Xirimirin, Aurka Sustrain eta Kalean Obelixen. Hauek ere betiko euren zalean aurrean kontzertu bikaina eskaini zuten.
Bien bitartean karpan, Cohen eta Blakak jo zuten arratsaldean eta Naizroxak oso kontzertu berezia eman zuen gauean. Abeslaria oso bizia da, hainbat tokitara igota edo lurrean bueltaka kantatu zituen, besteak beste, Hardcore eta metal abestiak.
Denetariko musika
Eta bukatzeko More Jaia kolektiboko DJak festa amaiera bikaina jarri zuten Michelinen. Ilargin eta Abend-en ere Disko Jartzaileak izan ziren Multimusikala horixe izan dadin, asteburu batez denetariko musika eta asko herrian eskaintzen duen egitarau zabala.
Antolatzaileak pozik zeuden antolaketarekin eta zaletuen parte hartzearekin. Musika estilo ezberdin ugari ekarri dituzte herrira eta erantzun beroa jaso dute herritarren aldetik. Ostiralean hasi eta igandera arte festa handi bat izan da Michelin eta inguruetan. Gazteak eta hauen gurasoak ere ibili dira kontzertuetan. Asteburua hotza izan da eguraldiari begiratuz gero, baina Multimusikalaren termometroak tenperatura goxoa mantendu du.