Bere bizitza profesionalean zehar mugen bilaketa, landu gabeko bideak, ertz ilunak, ezezagunerako bidaia eta ikasketa prozesua aztertzen ibili da, eta oraindik aurkitu beharrekoen bilketa lanean dihardu. Ez da geldirik egoten den horietakoa.
Honen erakusle, asteartean Manuel Lekuona kultur etxean inauguratu zen Migel Angel Oribe lasarteoriatarraren Denboraren Muga erakusketa dugu.
Umetako lekuak erakarriz
Denboraren muga erakusketako lanak haurtzaroko babes lekuen oroitzapenetatik sortu ditu Oribek. Adimenean ezkutuan aurkitzen dauden babes lekuak dira, hain zuzen ere, eta honela Jaizkibel plaza, Institutu garaikoa urteak, Santa Barbarara eginiko irteerak, eta Lasarte-Orian bere bizitza osoan aurkitu dituen babes leku pertsonal ugariak erakusketa honetan ikus daitezke.
Era honetara, babesturik sentitzen garen lekuak, mundutar dugun guztitik deskonektatzeko topatzen ditugun tokiak eta gure pentsamenduen ertz ilunetatik bidaiatzen dugunean ditugun babes-lekuak dira Denboraren Muga erakusketan Oribek erakusten dituenak.
Lasarte-Oria omentzen
Honetaz gain, lan honetan Migel Angel Oribek bere herria omendu nahi izan du eta horretarako, marrazki eta eskultura serie bat aurkezten du erakusketan.
Omenaldi honen bidez bere jaioterriak eman dion guztia eskertu nahi izan du artistak. Izan ere, Oriberen hitzetan, herri hau da bere izaeraren sortzailean eragile.
Erakusketa honetan, gainera, bere bizitzari buruz mintzo da Oribe, bai bizitza artistikoaz eta pertsonalagoa den beste batez.
Erakusketa honetan Oribek mundu artistikoan barneratuta daraman 17 urte hauetan landutakoak ekarri nahi izan dizkigu. Baina gogoraraziz oraindik bide ugari geratzen zaizkiola lantzeko eta arakatzeko.
Data berezi hauek aproposak dira Migel Angel Oribek bere lanean murgiltzeko eskaintzen duen bidai honetan barneratzeko. Arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara, urtarrilaren 14a arte egongo da erakusketa Manuel Lekuona kultur etxean.