“Arrasteroen erruz galdu zen angula”

jon-altuna 2010eko abenduaren 23a

Joxemiel Bereziartua Aginako Uriberri baserrian jaio zen, eta ondo ezagutzen ditu Oria eta honen ibai ertza, ala deituriko txalupa tradizionalean makina bat joan etorri egin baitu hara eta hona, batetik arrantzan eta bestetik baserrian lantzen zituzten lur gehienak ibai bestaldean zituztelako. Txitxardinak (angulak) hartzen gau askotan ibilia bada ere, garraiolaria da ofizioz, eta sasimedikua afizioz. Eskuekin sendatu eta minak kentzen ditu. Lasarte-Orian Mikel deitzen diote duela 35 urte iritsi zenetik. Bertsoak idazten ditu eta bizitzako pasadizoekin, liburua argitaratzeko zirriborroa idazten ari da.

Aginagako etxe askotan nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza uztartu dituzte eta horietako batekoa da Joxemiel Bereziartua, lagunentzat Mikel, eta hasteko zera argitu digu: "Batzuek Aginaga Usurbilgo auzoa dela esaten dute, baina guretzat herria da". Zazpi urterekin hasi zen txaluparekin arrantzan, amak igerian ikasi eta "komunio txikia" egin arte, ez zion utzi eta, baina aurretik sardexkarekin harrapatzen zituen aingirak.
Hiru bat urte zituela izan ziren uholde beldurgarri batzuetatik guztia dauka gogoan eta bizitzako pasadizo eta ibaiaren inguruko kontu eta datuekin, liburu bat idazteko zirriborroak egiten hasi da. "Ni mundu honetatik joaten naizenean horietatik asko galduko dira bestela".
Bereziartuak dio bera, aita eta osabak beste ez dela inor ibili errioan arrantzan eta ez duela inork hain ondo ezagutzen. Aurreko mendeetatik erabili ohi zituzten eta galtzear diren erreminta, arrain, txori eta hegazti, arbola eta Oriako ibai bazterren izenak jaso nahi ditu liburuan. Lekuen izen den denak dakizki hasi Oriotik eta Lasarteraino tramoz tramo.
Baserriko lana eta bizitza "oso txarra" zela dio, "Ala (txalupa) handiarekin ibiltzen ginen, lurrak urez bestaldean geneuzkan eta gehiena bizkar gainean erabili behar,...". Gainera, paper fabrikek botatzen zuen zikina zela eta urte batzuetan ibaia beltza jaisten zen eta ez zen ia txitxardinik, (berak horrela deitzen die angulei) edota beste arrainik eta garraiolari lana aukeratu zuen".

Garraiolari

"Garai batean beltza egon zen erreka, ez zegoen arrainik, ez zegoen ezer bizirik. EPOn hasi nintzen, Hernaniko Eskola Profesionalean, delineatzaile industriala ikasten, 14-15 urterekin eta ondoren, Michelinen lanean baina soldaduska pasa bitartean miseri bat ordaintzen zuten, 5.500 pezeta 1968an. Lagun batzuek gidatzeko baimena atera eta 9.000 irabazten zituzten Donostian lanean. Nik esaten nuen, "nik zertarako estudiatu dut? Hauek nire doblea irabazten!", beraz, garraiolari hasi nintzen Bergarako batzuekin eta hiru urte ondoren neure kontura". Han hasterako, kontuak atera zituen, (pentsuaren salneurria,...) eta argi esan zien gurasoei baserriarekin ez zegoela ezer onik. "Arrantza zen gure bizi poxa, txanponak ere hortik ateratzen ziren. Ura beltza egon zenean izorratu zen dena".
Orain, 2000. urtetik, jada txitxardinen arrantza utzita dauka eta garraiotik ere "ahalik eta azkarrena" erretiratzeko asmoa du. "Bost urte, beste bi erantsiko dituztela ere esaten ari dira,... baina sasi mediku bezala, gero eta bezero gehiago ere badauzkat eta igual lehenago erretiratuko naiz. Eta hortik ez naiz jubilatuko, gogokoa dut eta,..." Lagun asko egin ditu mina duenari lagunduta.

Bertsolari

Bi astean behin joaten da Jon Azpillaga bertsolariarengana. Bi belaunetatik operatu behar zuten eta pare bat urtetan izorratua egongo zela uste zuen: "akabo nire bertso saioak" esaten omen zion, baina Bereziartuak minak kenduko zizkiola esan eta oraindik ez da operatu. Aspaldiko lagunak dira Azpillaga eta Bereziartua. Hau gaztetan ibili zen bertsolari, besteak beste Peñagarikano eta Muruarekin, baina ez omen zen plaza gizona eta utzi egin zuen.
Gerora hainbat bertso paper idatzi ditu hala ere. Batzuek Oiartzunen Girizia elkarteak antolatzen duen bertso paper lehiaketara bidaltzeko. Beste bertso batzuek kartzelan preso den Xabier Aranburu "Xomorro" agiñarrari bidali zizkion eta honek erantzun. Udako oporretan lasto bila joaten ziren eta "Xomorro" eramaten zuen laguntzaile. "Bazkalostean jo eta fuego ibiltzen ginen bertsotan biok. Gainera, lasai, aurrean inor ez geneukala,..." kontatu digu Bereziartuak.
Koinatua hil zenean apaizak lau bertso jarri eta hiletan kantatu zituen. Gero berak zortzi jarri zizkion apaizari.
Goizean goiz idazten ditu bertsoak. "Lo gutxi egiten dut, lau ordu terdi, eta nire burua argiena orduantxe egoten da, goizeko 5ak aldean".

Sasi mediku

Beste magnetista batek eman zion sendatzeko eta minak kentzeko duen dohainaren berri: "berak baino energia gehiago nuela esan zidan eta hark ia dena sendatzen zuen. AEBetan, Finlandian,... estudiatu zuen eta esaten zuen magnetismo eta energia denok daukagula, baina gutxi gorabehera sei milioitatik batek daukala sendatzeko beste energia".
Orkatila edo belauneko bihurrituen minak hiruzpalau saiotan kentzen omen ditu bere eskuekin. "Bestela bi hilabete inguru behar dira sendatzeko. Aurreratu egiten dut nik".
Ez hori bakarrik. "Muina muinarekin jarri eta energia negatiboak ere txupatzen ditut. Munduan bakarrenetarikoa naiz hori egiten duena. Arriskutsua da niretzako. Depresioan daudenek energia negatibo asko edukitzen dute: dena ez, ez eta ez; eta asko daukanari dena txupatzen badiot, ni gaixotu naiteke. Hor kontuz ibili beharra daukat".
Kontu hauetan sinesmen handia du eta liburuak begiratu ditu: "nabilen tokian nabilela ere, horretarako tartea
hartzen dut".
Lanak uzten dion tartetan sendatzen eta minak kentzen ibiltzen da baina ez du kobratzen. "Ez, borondatea. Titulurik ez daukat eta, baina konstelazio familiarrak egiten dituen Irungo lagun errumaniar batekin aterako dut Reiki titulua".
Ez da geldirik egoten den pertsona, denbora hartzen du denerako "Nik gauza asko eta lo gutxi egin dut. Gauza asko egiteko lo gutxi egin behar da" dio eta horrek azalpena ere badu: "Lau ordu eta erdi egiten ditut lo. Loak bi zati ditu, nik gaztetan bederatzi ordu egiten nituen, baina gero txitxardinetan lo gutxi eginez hainbeste gau pasa eta, (hiru egun batere lorik egin gabe ere bai), nire burua jada lo erdiarekin gelditu da, nahikoa du, baina kargatzen joaten naiz eta ostiral gauean bederatzi ordu egiten ditut. Ez minutua gora ez minutua behera. Matematikoa da. Lau ordu eta erdi ere berdin, ez minutua gora ez behera".

Txitxardinak biltzen

Zazpi urterekin hasi zen angulatan, beti gauez biltzen zituzten, "hontzak dira gure lagunak. Gogorra da, baina, gustatuz gero badakizu,... gustuko lanean ez dago aldaparik". Gau batzuetan angula batere harrapatu gabe itzuliko ziren etxera, baina beste askotan kilo batzuekin ere bai. 1967ko gabon gauean 37 kilo angula hartu zituzten aita eta biek, gau batean bildu duen gehiena: "errioa kafea bezala zetorren, beltza, paper fabrikak botatzen zuen zikinarekin, baina, gabon garaian 15 egun jai ematen zien langileei. Papelera itxi eta segituan garbitzen zen ura. Kasualitatez, 1967an, euria egin zuen, urak garbitu eta berehalaxe, ilargia tokatu zen eta gabon afaria bukatzen ari ginela aitak esan zidan, "bada ezpada joan hadi argiarekin, txitxardinak izango dituk igual gaur". Orduan 17 urte nituen, joan nintzen, eta dena zen angula: "urik ez da ikusten, aita, dena da txitxardina" esan nion. Aitak ez zuen sinesten. Gehiena gau hartan bildu nuen aitarekin, 37 kilo angula. Hurrengo gauean 27, hurrengoan 13,... Hirugarren egunean hasi zen berriz ur beltza sartzen, eta akabo. Akabatu egingo ziren denak noski".
Ur beltzak etortzen ziren garai hartan, aita eta biak, Zumaiara joaten ziren arrantzara eta gero Debara ere bai, barruko arra asetzeko. "Odolean dugu arrantza. Igandetan joaten ginen trenean, ilundu arte, gero astelehenetan saltzeko".

Blok baliotsua

Blok batean 1993tik aurrera saldutako aingira, angula,... kilo eta prezioak jasota ditu, eguneroko batean bezala, 2000. urtean utzi zuen arte. "50 urte betetzerakoan utziko nuela esan nion neure buruari".
Arrain eta angulak saltzeko bezero onak zeuzkala dio Bereziartuak. "Ama Donostiako "Casa Nicolasa"n izan zen sukaldari ezkondu zen arte (orain gutxi itxi da jatetxe famatu hau); eta harrapatzen genituen txitxardin asko hara eramaten genituen. Geuk maneatzen eta prestatzen genituen, arpillera gainean mimo guztiarekin sikatuaz, ez beste angulero handi eta industrialek bezala. Nik ikusten ditut eta hain onak ez dira ateratzen".

Txitxardinaren galera

Gaur egun ia ez dabil angularik. Bereziartuak argi du zergatik gertatu den galera hori: "Batetik, paper fabrikako ur zikina dago, baina azken urteetan arrastean aritu zirenek izorratu zuten dena. Mugitzen den guztia edo ia guztia harrapatu zuten. Lehenago erdiak edo gehiago gora pasatzen ziren, eta utzi beharra dago aingira egin dadin. Ia dena harrapatzen baldin bada, eta ez bada aingirarik, azkenean akabo. Arraste-arrantzaleek, tratua egina zuten, Zaikola arte arituko zirela; hortik berez ez zuten pasatzerik, baina gehiago eskatzen hasi eta azkenean Usurbileraino ibili ziren. Asko harrapatzen zuten".

Gehiegizko harrapaketa

Dena den antxoa bezala txitxardina ere errekuperatuko dela uste du. "Utziz gero bai. Eta azkar errekuperatuko da gainera. Galarazten hasi zirenean arrastean harrapatzea galarazi bazen ez zen hau gertatuko. Lagun batzuek ibili ziren Santanderrera joanda baina ez zuten ezer lortu. Oriokoek izorratu zuten, itsasoan zenbiltzanek, antxoaren kanpaina bukatutakoan eta atunarena hasi bitartean, honetan ibiltzen ziren. Nik 80 arraste-ontzi paseak kontatu nituen behin errio txiki horretan bueltaka, eta hori asko da".
Orain azaroaren 15etik aurrera bi hilabetetan uzten dute soilik, baina berandu da Bereziartuaren ustez. "Lehenago hartu beharreko neurriak orain hartu dituzte. Alarekin genbiltzanekin hitz egindakoa konplitu balute, jarri zen mugatik behera aritu balira, ez zen hainbeste galduko".
Badaki berriz txitxardinetan hasiko balitz harra berriz piztuko litzaiokeela. "Oraindik ere lagun bati esaten diot, "gaur joan hadi" eta nora joan ere esaten diot". Bereziartuak dio errioan alarekin gehiena ibilitakoetako bat bera izango dela. Gehiena ibilitakoak eta denetik harrapatzen, ni, aita eta osabak, sei anai ziren, denak arrantzaleak: aingiretan, izkiretan,... Amak egiten zituen esparberekin, berunekin hondora botatzen diren sareekin, azpian harrapatutako arrain guztiak jasotzen genituen: lupia, korrokoia,...”
Bereziartuatarrek alarekin egiten zuten angulen arrantza: atoian, soka baten laguntzaz, goian, erdian edo behean kalatuz. "Hotza egiten bazuen azpitik joaten zen txitxardina, hego haizea bazen goitik. Baia handia izaten zen eta makina batekin ekartzen zen txitxardinak askara botatzeko. Alan bertan 8 arroako aska geneukan". Ehun kilokoa beraz.
Pisua neurtzeko libra eta arroa erabiltzen zuten, eta sailak goldeetan neurtzen zituzten. Metroa, hektarea eta kiloa gerora zabaldu ziren. "Neurri horiek galdu egin dira , txori eta arrainak ere desagertzen ari dira eta nik ama lurra defenditu nahi nuke. Eta aldi berean galdu baino lehen guzti hori liburu batean jaso".

Nekazari

Angula asko harrapatzen zenean ongarri bezala erabiltzen zela esatea txorakeria iruditzen zaio. "Guk lurrari ez genion santa sekulan bota. Aginagan ez dut hori ikusi. Udan aingira egitera zihoana ere harrapatzen zen, eta hezurra zeukana ezin zenez saldu oiloei ematen zitzaien bizi bizirik, gustura jaten zuten".
Dena den, ala denetarako erabiltzen zuten, ez bakarrik arrantzarako: "Soro gehienak Oria bestaldean geneuzkan. Batzuk Usurbil aldera, Aginaga parean, erdian ere bai eta besteak Orio aldera, kilometro bat behera eta beste kilometro bat gora. Gutxi gora behera bost golde artoa eta babarruna egiten genituen. Ia bi hektarea. Hiru golde hektarea bat dira. 3.333,33 metro karratu" jakinarazi zigun Joxe Miel Bereziartuak.
Garai batean gabarrak ere jarri ziren, ibai bestaldera idi parea eta traktorea pasatzeko moduko ontziak. "Motorrik ez zen eta polainarekin mugitzen ziren. Polaina, arrauna bezalakoa da, bere zuloarekin, baina pala luzeagoa dauka, metroterdikoa edo. Zenbat eta pala luzeago indar handiagoa behar zen mugitzeko".

Arotz

2000. urtean laga zuen angulen arrantza, baina oraindik jaiotetxean dauka ala, Bereziartuak berak egindakoa. Aitona zuen arotza eta bi osaba ere bai. "Azkena egin nuena urte erdian egin nuen neuk bakarrik asteburuetan lana eginez".
Jubilatutakoan Veneziara joateko asmoa daukala ere kontatu digu: "Ikusi ditut gondola horiek nola ibiltzen dituzten, beste era batera egiten dute indarra, eta indar asko galtzen dute, hemen baino gehiago. Gizaldi eta gizaldietan ibiliko ziren horrela, baina hemengo teknika erakusteko gogoarekin joango naiz".

Arraunlari

Indar handikoak izan dira Bereziartuatarrak. Aita eta osabak oso onak ziren arraunean eta polainarekin. Joxe Miel Bereziartuaren aita 38 urtera arte ibili omen zen arraunean, Orio, Donostia eta Zarautzen. Baina berari ez zion aitak, arraunean eta pisuekin ibiltzen utzi, aita hernia diskaleko arazoengatik operatua zegoen eta. "Niretzat ez zuen astakeriarik nahi. Bera bai, arraunlaria izan zen. Lau anaik aita patroi zutela bateletan estropada denak irabazten zituzten, Agiñan bandera asko daude aitak eta osabek irabazita. Indartsuak ziren, ia bi metrokoak".
"Nire aitari inork ez zion irabazten. Aitak, gure etxetik goiko zubiraino egin zuen apustua Otamendi abizeneko beste aginar baten aurka eta irabazi egin zion noski", hainbat kontu ditu Bereziartuak.
Berak desafioa bota zion behin Joxe Luis Korta ezagunari, baina ez du sekula apustu eta norgehiagokarik egin. "Oriotarrek Katxiña jatetxean ospatzen dute banderak irabazten dituztenean eta urte bukaeran ere han elkartzen dira. 9 urtetan joan nintzen ni larunbatero semeekin eta beste senide batzuekin bertan bazkaltzera eta behin Korta han zen. Beti esaten zuten ez zuela edaten, baina egun hartan kargatuta etorri zen gure mahaira, besterik ez, xanpaina edan omen zuen. Han zebilen harro, "onenak gaituk" esanaz, eta esan nion: "Beitu Jose Luis, hi arraunean onena izango haiz, baina polainean ez eh, nahi duanean bota milioia (pezeta)" jaurti nion erronka, ausart. "Nahi baduk gure etxetik Orioko zubira eta nahi baduk zubira eta buelta". Buelta erdi eman eta sukaldera joan omen zen eta han "horren kontra? Jai daukak" esan zioten. "Aspaldi ez naiz jardun baina preparatuta ez al nioke ba horri irabaziko?" galdetzen omen zuen Kortak: "kostako zaik, eorrek ikusi" esan omen zioten. Mahaira etorri eta esan zidan: "Hi Joxe Miel, hiru hilabete ematen al dizkidak preparatzeko?" "Nahi baduk hiru hilabete, nahi baduk hiru urte eta nahi den denbora. Ni beti nago preparatuta". Asko ibiltzen nintzen, ez neukan preparatu beharrik. "Bueno elkarren berri jakingo diagu" esan zuen baina gaur arte" gustuko du kontu kontari aritzea Bereziartuak.

Indartsua, pultsuan nagusi

Istorioak bata bestearen atzetik kontatzen ditu Bereziartuak: "17 urterekin Sanpraixkutan txapelduna izan nintzen pultsuan eta geroztik inork ez dit irabazi. Europako txapelduna ere etorri zen, nire lagun bat eta beste enteratu ziren Irun eta Donostiara zetorrela eta lagunak esan zidan: Oraingoan ikusiko diagu, potrorik baldin baduk honi jokatuko diok". "Galdu egingo dut, noski, baina ez dut atzera egingo", esan nion. "Irabaztekotan horrelakoren batek irabazi beharko dit". Galdetu zioten hari enfrentatuko al zen hemen inguruan kontrariorik ez zuen bati eta baietz hark. Normalean ezkerreko eskuarekin adar bati heltzen zioten eta Trintxerpen, Avenida kafetegian ez zen horrelakorik, mahaiari helduta berdin ez ote zen galdetu nion, eta "ui" belgak. Niregatik ez zuen inork xentimorik ematen, baina nire lagunek bazekiten aurreneko zakarraldiari eusten banion nirea zela garaipena, aurrenekoan dezente eraman zidan, baina nik heldu eta heldu, halako batean berriz erdiraino eraman nuen, han ere jotzen zuen, baina nik aguanta, horrela irabazi ditut eta gehienak. Eta behin ikusten nuenean indarrak joaten ari zitzaizkiola, tarteka, ttak aurrera egiten nuen eta ikusi nuenean, oraintxe!, kolpea bota nuen. Zazpi minutu eta 22 segundo izan ziren. Geroztik kontrario asko izan dut, baita sagardotegietan ere. Hau 60 urterekin uztea pentsatuta daukat, meta hori jarrita daukat. Iñaki Perurenaren laguna naiz, eta "hi nik galtzekotan hi bezalako batekin galdu behar diat, sona pixka bat duenarekin" esaten diot". Perurenarekin norgehiagoka horrek izatekotan laster izan beharko du 60 urte beteak baititu Mikelek.

Harri-jasotzaile

Iñaki Perurena eta biak Aristerrazun, Aiako San Pedron, ezagutu ziren. Biek zuten harri-jasotzaile izateko ametsa eta ezkutuan aritzen ziren. "Juntatu ginen etxean uzten ez ziguten bi. Baina hura aurrera atera zen" "Astakeriak zirela, hortik ez zegoela ezer, gerriak izorratuko nituela,...” esaten zidan aitak eta ni isilka ibili arren aita enteratu eta esan zidan serio: "berriz jakiten badit horretan habilela, atea itxi eta kanpoan geratuko haiz".
Aristerrazun zaletasun handia zegoen eta kirolari asko elkartzen ziren. "Hil berri den Mendizabal aizkolari eta harri-jasotzaileak esan zidan behin harriari asko begiratzen niola eta altxatuko ote nuen. Arropak ekarri zizkidan, baina gerrikoa ez nuen jantzi, "gerriak beti ondo eduki ditut" esan nion eta gerrikorik gabe erraz altxa nuen 12 arrobakoa, 150 kilokoa. Haiek egiten zidaten xaxa".
14-15 urterekin ehun kiloko ongarri zakuak baserriko ganbarara igoak zituen. "Larunbat batean, Luis Atxega harrijasotzaileak ekarri zituen ehun kiloko ongarri zakuak etxera. Orduantxe uzten ari zen. Aitarengatik galdetu zuen, baina neuk eramango nituela esan nion. "Bai zera", hark. "Oraindik ume bat haiz hi." "Ume bat izango naiz baina ni ehun kilorekin ibilita nago, Aginagako sozietatearen aurrean, esku zulorik gabeko 100 kiloko harria herriko festetan altxa nuen". Kamioitik bizkarrean jarri eta tipi tapa ganbararaino igo nituen, hirugarren pisura, lau zaku. Hura harrituta. "Nirekin etorri behar duk" esaten zidan, "pentsuak banatu eta harriak jasotzen erakutsiko diat"... baina ni eskolan nenbilen. Nik nahi nuen, baina etxean ez".

250 kilo bizkarrean

Iñaki Perurenak kontatzen omen du proportzioan bera baino indartsuagoak badirela eta Bereziartuaren marka bat aipatzen du. "21 urterekin 75 bat kilo izango nituen, eta 250 kiloko bidoiarekin 20ren bat metroko joan-etorria egin nuen. Nire nagusia zen santanderino batek, Castro Urdialesko Antoniok egin zuen apustua. Nik sekula ez dut ezer ere jokatu. Ezta pezeta bat ere, ez pultsuan ez beste ezertan. Antoniok esan zidan Azpeitiar batek 200 kiloko bidoia gainean eraman eta berriro bota zuela kamioira. "Hartu eta eraman?" Nik ere egingo nuela esan nion. Proba egin genuen. Olioak lodia izan behar zuela esan nion, balantza ez egiteko. Ustez lodiena hartu genuen, baina ezin, ia erori nintzen bidoi eta guzti. Grasa ez zela mugituko esan nion, bai baina 50 kilo gehiago zituela berak. Probatu eta primeran egin nuen kanporaino eraman eta ekarri. Apustuzalea zen eta bera pozik: handik bi astera, 19 kontrario topatu zituen, guztiekin afaria eta dirua jokatu omen zuen; ostirala zen, errekadistek Grosen Iparragirre kale inguruan izaten genituen kamioiak; orduan ez zen hainbeste trafikorik; Bodegon San Antonion afaldu, Antonio han famosoa zen eta jende asko zegoen; bazekien egingo nuela, baina pausuak egin zituenarekin haserre egon zen, metroa baino gehiagokoak egiten zituelako.
Mirakruzera pasoa utzi eta beste kale denak itxita egon ziren, eta nik kamioitik 250 kiloko bidoia hartu, distantzia markatuz zutik jarri zen pertsonari buelta eman eta berriz kamioira bota nuen; 40 metro, nire pisua bider hiru gehi 25 kilo ziren”.
Iñaki Perurenak eta bere semeak horrelakorik egitea "inposiblea" dela esaten omen zuten. "Nire pisua hiru bider eta beste 25 kilo? Azpian zapalduko ninduke" esan zion Iñakik. Nafarroa aldera joan denean, askotan Perurena delakoan okertu direla esan digu Bereziartuak. Haren semeak hori jakinda zera aitortu omen zuen "hau gure aitonaren igual iguala duk".

Hiru partidu egun berean

Indartsua izan da zalantzarik gabe. Hernanin ikasten ari zela, hiru partida jokatu zituen egun berean, goizean eskubaloian, gero eguerdian pilotan eta arratsaldean futbolean. Hiru "paliza" hartu, eta bizikletan itzuli zen etxera poz pozik pilotako finala jokatuta irabazitako 12.500 pezetarekin. "Gero gaurko gazteak paliza bat hartu eta jota daude. Guk beste kasta batekoak ginen, ez ginen nekatzen".
1967. urterako, pilotan txapelketa irabazten zuen bikoteak 40.000 pezeta jasotzen zituen eta bigarrenak 25.000 eta Bereziartuak gogoratzen duenez, bere aitak orduan Michelinen 12 ordu lan eginda 8.000 pezeta irabazten zituen. Eguerdian galdu egin zuten pilotan 22-21 Leonet bere bikoteak eskuan min hartu zuelako, baina 18:00etan Txantxillan futbolean irabazi egin zuten eskolakoek. "Mano a mano ez neukan kontrariorik, egun hartan 19-11 irabazten gindoazela, Leonet-i eskua izorratu eta hantxe galdu genuen. Pilota denak berari botatzen hasi eta 16ra etorri ziren. Beste erremediorik ez zegoela eta bakarrik jokatu behar nuela esan nion "Hik ezkerra zaindu eta nik bien kontra, aurrera eta atzera, ahal dudan guztia egingo dut". Lehenago hasi banintz irabazi egingo genuen: bi tanto egin nituen, 21-21 jarri ginen".