Euskaraz ondo pasatzeko aukera

Txintxarri 2010ko abe. 23a, 01:00

Gabonekin batera opariak erosteko tartea iristen da. Askotan ez dakigu zer oparitu. Eskaintza zabala eta ezin erabaki. Guzti hau aldatzeko eta erraztasunak emateko aukera ederra luzatu ziguten www.katalogoa.org web orrialdea sortu zutenean. Bertan euskarazko produktuen katalogo zabala eta adinka antolatuta luzatzen zaigu. Euskara ez da soilik hezkuntzarekin lotu behar, ondo pasatzeko aukera ere bada eta hori ongi islatzen da orrialde honetan aurkitu ditzakegun produktu zabal eta anitzei erreparatuz.

Jostailu, jolas, liburuen merkatua gero eta zabalagoa da, zer oparitu? Zer eskatu? Gero eta zailagoa da! Euskarazko produktuak ere bere lekua aurkitu dute merkatu zabal eta konpetitibo honetan. Aisialdira, hezkuntzara bideratutako jolasak, aurten ere euskaraz lortzeko aukera dugu Euskarazko produktuen katalogoari esker. Bertan musika, DVD-Filmak, informatika, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako material aurkitu dezakegu.

Ibilbidea

Duela 13 urte, Nafarroako udal gutxi batzuek eman zioten hasiera Euskarazko produktuen Katalogoaren ekimenari. Harez geroztik, asko hazi da, eta momentuan, 135 toki-entitate, 200 udaletik gora osatzen dute.
Honela, katalogoa bultzatzen duten udalerriek bat egin eta Euskal Herrian XIII. edizioa argitaratu dute aurten.

Eskaintza zabala

Filmak, jostailuak eta jokoak, musika, komikiak, aldizkariak, liburuak, gurasoentzako materiala, informatika...
"Euskarazko produktuak erdararen itsasoan nabarmendu behar dira, eta egon badagoen hori erdarazko produktuen itzaletik argitara ekarri," adierazten dute katalogoaren arduradunek beraien web orrialdean.
Paperezko katalogoaz gain, argitaletxeek eskaintzen dituzten produktu guztien erreferentziak www.katalogoa.org web gunean bisitatu daiteke. Bertan, produktuaren edo adinaren arabera banaturik aurkitu ditzakegu eta produktuen prezioa eta ezaugarri gehiago ere ezagutu daitezke. Azken finean, ekimenaren arduradunek katalogo hau gurasoentzako lagungarri eta erraza gertatzea dute helburu.
Produktu ugari eta anitzak daude Euskarazko produktuen katalogoan. Beraz, katalogoko oparirik ez egiteko aitzakiarik ez dago. Hezi euskaraz eta gozatu euskaraz!

Nobedadeak

Haur eta gazteentzako euskarazko produktuen informazioa eta nobedadeak www.katalogoa.org web orrialdean eguneratuak agertzen dira. Urtean zehar ateratzen diren nobedadeak jakinarazten dituzte, gainera hauek ateratzen direnean nahi izanez gero zure e-mailean jasotzeko aukera luzatzen dizute.
Web orrialdean sartu eta nobedadeak ikusten dira lehenengo. Guk horietako batzuk aukeratu ditugu.
Zer gara gu, nor gara gu: Euskal Herriko kulturari buruz oinarrizko gaiak ezagutzeko pentsatuta dagoen jokoa da. Galderen erantzun okerrak astakeriak edo barregarriak dira, erantzun zuzena aukeratzeko zalantzarik ez dago beraz. Etxean zein kalean jolasteko aukera eskaintzen du. 05-09 urte bitarteko umeentzako gomendatua.
Gau hotzenean ere: Gau hotzenean ere lan berri eta berezi honekin hausten du Hernaniko kantari-musikariak zortzi urteko isilunea. Lan honen bidez Olatz Zugastik bere barne-mundu emankorra eta fantastikoa ez ezik, folklore esentzialaren bestelako ikuspegia ekartzen baitu. Maisutasun handia erakusten du harpari sentikortasunez beteriko melodiak ateratzen, norberaren barruan bizi diren doinu eta tinbre iraunkor eta aske horiek azalera ekartzen. Helduentzako produktua.
Zzzzz. Loaren liburua: Zerua iluntzen denean, eta ilargia dizdizka hasten, lotara doaz guztiak… hontz zelataria izan ezik! Loari buruzko liburu hau altxor bihurtuko da zure eskuen artean, zure begirada gozatuko du, eta lotarako pozbide izango duzu. 00-04 urte bitarteko umeentzat.
Hartz Zuriak: Ezagutu hartz zurien bizilekua Ipar Poloan eta ikusi nola egien duten igeri, nola ehizatzen duten eta nola jolasten duten. 05-09 bitarteko haurrentzat.
Neska haur-jalearen bazkaria: Neska haur-jaleak arazo bat badu: harrapatu duen mutikoa ez da bere beldur... umore eta maitasun anitz. 05-09 bitartekoentzat.

Online jokoak

Internet-en umeak jolasean aritzeko joko anitz daude, eta hauek euskaraz ere aurkitu ditzakegu. Guzti honen informazioa eta dagokion web orrialdea www.katalogoa. org helbidean zehazturik eta zerrendatuta aurkitzen da. Bizi euskaraz, jolastu euskaraz!