San Tomas ferian giro ederra egon zen

Txintxarri Aldizkaria 2010eko abenduaren 23a

Eguraldiak hasieran mehatxu egin bazuen ere, azkenean behintzat ateri egon zen astearte arratsaldean eta San Tomas eguneko jaia gure herrian ederki ospatzeko aukera egon zen.
Urtero bezala, Ttakun elkarteak hainbat postu eta ekitaldi antolatu zituen Sagardotegi kalean eguna ospatzeko.

Txerria eta talo tailerra

Telleri baserriko lagunen txerria izan zen, beti bezala, haurrentzako entretenimendu ederra. Baina aurten gainera etxeko txikiek taloak egiteko aukera izan zuten. Era honetara, gaztetxo eta haur ugarik eskuak irinez zikindu ostean, beraiek egindako taloa jan zuten.

Musika eta bertsoak

Haurrez gain, arratsalde osoan zehar, helduek taloak eta gaztainak jateko aukera izan zuten, baita sagardoa dastatzekoa ere.
Iluntze aldera, giro onean, Amalur taldekoen trikiti eta pandero doinuek dantzan jarri zituzten ikusleak.
Eta jarraian, Xumela koruko lagunek kantuan jarri zituzten guztiak.
Zigor Iriondo eta Patxi Etxeberria bertsolarien saioa ere entzun zen Sagardotegi kalean. Bertaratukoei ongi-etorria eman eta jai egun honetan, Lasarte-Oria eta Donostian egon zitekeen giroari buruzko bertsoak eskaini zituzten.
San Tomas azokari amaiera emateko, Erketz D.T. eta herriko txistulariek erromeri polita antolatu zuten. Eta hainbat herritar, heldu eta gazteak, animatu ziren doinuren erritmora oinak astintzera.
Azken orduan euriak bere agerraldia egin zuen berriro ere, baina jaia amaitzear zegoenez, gaitzerdi.