Lasarteoriatarrak 2010ean Euskadi eta Estatuko selekzioarekin hainbat partida jokatu ditu aurten

Txintxarri Aldizkaria 2010eko abenduaren 23a

Ostadar K.F.ko emakumezkoen kadete futbol taldeko kidea dugu Miriam Infante gaztea.
Gaztea izan arren, 15 urte, 16 urte azpiko mailan Euskadiko selekzioarekin jokatzen du, noizbehinka Emakumeen Super Ligaxkan jokatzen duten Errealeko futbolariekin entrenatzen du, eta Espainiako selekzioarekin jokatzeko ere deitu diote.
Miriamek bost bat urterekin hasi zen baloiari ostikoka. Gogoan du baloia izan zuela oparirik politena. Gero, futbola aukeratu zuen beste kirol batzuen artean eta maila onean ari da jokatzen. “Kirol honek zoratzen nau, oso gustukoa dut. Beste kirol batzuk ere egin ditut, baina 11 urterekin futbola aukeratu nuen asko gustatzen zaidalako, eta hemen nago,” onartu zuen Infantek.
Euskadiko selekzioarekin hainbat partidatan parte hartuko du Lasarte-Oriako futbolariak. Lehengo asteburuan, esate baterako, Valentziako Erkidegoan egon da Espainiako txapelketako lehenengo fasea jokatzen eta Euskadik sailkapena lortu zuen taldeko lehenengo bezala.
Honetaz gain, aurten, 17 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin jokatu du 2011ko Europako Txapelketarako sailkatzeko torneoan Georgia, Bielorrusia eta Holandaren aurka. Hiru partidak irabazi zituzten, hiruetan jokatu zuen partidu osoa Lasarte-Oriako jokalari gazteak eta lehenengoan bi gol sartu zituen. “Hiru partiduetan egindakoarekin oso pozik eta gustura nago,” aipatu zuen.
Aipatu bezala, Errealeko Super Ligaxkako neskekin entrenatzen da, baina Miriamek adierazi zigunez, “ez dut jokatuko oraindik. Esan didate gaztea naizela, entrenatzeko eta lasai hartzeko. Etorkizunean ikusiko da. Agian lagunarteko partiduren bat jokatuko dut”.