Santos Uribe herriko atletak 76 urte eta 40 urtetatik, beterano mailan dabil lehian punta-puntan. “Espainiako hainbat txapelketetan egon naiz eta Espainia osoa ezagutzen dut, punta batetik hasi eta bestera arte,” azaldu zigun.
Gaztetan, 17 urte zituela egin zuen bere lehenengo proba, “Hipodromoan Nazioarteko krosean Espainiako taldekako txapelketa izan zen. Ni orduan, Hernaniko taldean nintzen eta taldea sortzeko jendea behar zuten” azaldu zuen.
Beterano mailan hasi zenean, atleta lasarteoriatarraren lehenengo taldea Michelin izan zen eta horrekin lotuta, Landaberriko gaztetxoen atletismoko begirale izan zen. Taldea desagertu zenean, Andoaingo Zumeatarra taldera joan zen, “talde horretako Bixente Huizi eta Joxe Mari Garin ezagutzen nituenez, bertara joatea erabaki nuen”.
Garai haietan iraupen-lasterketetan, 800 eta 1.500 metrotako probetan parte hartzen zuen Santosek. Hau guztiaz gain, Behobia-Donostia lasterketa hamaika aldiz eta lau maratoitan parte hartu du.
Gaur egun, martxako probetan dabil. “Belaunak mindu eta, duela hamar bat urte, martxa egiten hasi nintzen” onartu zuen.
Aurten, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelduna dugu Santos Uribe 75 urtetik gorako 5 km-ko martxa proban.
Eta horretaz gain, bi lehiaketa hauetan proba horretako Estatuko marka hautsi zuen atleta lasarteoriatarrak. Gipuzkoako txapelketan, ordura arte, 38:09an zegoen, marka 37:25 utzi zuen eta hiru astetara, Euskadikoan 36:05ko denbora egin zuen.
Nahiz eta belaunean min izan, Lasarte-Oria Bai! krosean ohiko da Santos. Horregatik, omenaldi gisa, Ostadar Kirol fundazioko antolatzaileek aurten 1 dortsala Santosi ematea erabaki zuten.
“Poz handia dut horregatik. Gainera, nire lagun mina den Eulogio de la Sernak eman zidan dortsala krosaren aurkezpenean ” adierazi zigun atleta beteranoak.