Lasarteoriatarrak 2010ean Hogei urte Zero Sette akordeoi orkestrari eskainiak

Txintxarri Aldizkaria 2010eko abenduaren 23a

Zero Sette akordeoi orkestraren sortzaile eta zuzendari Juan Antonio Mercerok 1990. urtean, eman zion erreleboa herriko gazte bati, Elias Goikouriari. Aurten hogei urte egin ditu orkestraren zuzendaritza hartu zuenetik. “Norbaitek egin behar zituen zuzendari lanak eta ni jarri nintzen ideia askorik izan gabe” onartu zuen Eliasek.
“Niretzat Zero Sette akordeoi orkestra bizi erdia da, edo gehiago” azpimarratu zuen Eliasek. Izan ere, zuzendari lana, ez da lan makala eta abesti berriak aurkitu behar ditu, “abestia entzun egin behar dut, partiturak aurkitu, moldatu. Loaldiari orduak kentzea da” aitortu zigun.
Hamaika kontzertu eta partitura zuzendu ditu geroztik, baita orkestra kide ezberdinak ere. Bi disko grabatu ditu eta orkestraren 20. urteurrena bete du zuzendari bezala.
Bere lehenengo kontzertua Billabonan izan zen eta, herrian, urriaren 20ean, Biyak Bat Erretiratuen elkarteak, Arantzazuko Amaren elizan, antolatu zuen Zaharren omenaldian.
2007a izan zen emanaldi gehien zuzendu zituen urtea, 16 kontzertu, eta horietako bat, gainera, berezia izan zen Zero Sette Orkestrak Kursaal aretoan jotzen zuen lehenengo aldia zelako, Donostiako Orfeoiak antolatzen duen Unicef jaialdiaren barruan.
Honetaz gain, bere zuzendaritzapean, urtero antolatzen den eta izena duen Akordeoi jaialdia sortu zen, “deigarria da, Lasarte-Orian akordeoi jaialdia sortzea. Udalaren laguntzaz noski. Jaialdia herriarentzat eta akordeoiarentzat publizitatea da. Era honetako jaialdi gutxi dago”.
Elias-en zuzendaritzapean lehenengo txapelketa Reina Sofiakoa izan zen eta “ausartak izan ginen eta zuzendari bezala bi urte neramatzala, Madrilgo Reina Sofiara joan ginen eta guretzat sorpresa ederra izan zen irabaztea”.
Aipatzekoak dira ere orkestrak lortutako beste sariak: Ourenseko Lehiaketako lehen saria, Torrelavegako lehiaketako lehen saria hainbat urtetan, Cedeirako lehiaketako lehen saria eta Frantziako Andrezieuxeko Sari Nagusian zilarrezko domina, baita Ginebrako Nazioarteko Sari nagusian ere.
Horretaz gain, bidaia ugari egin ditu orkestrak Estatu mailan, baita Europa mailan ere. Polonia, Frantzia, Italia, Suitza edo Alemania bisitatu ditu orkestrak Elias Goikouria zuzendari duela.
Lasarte-Oriako ekimenetan ohiko izaten da Zero Sette akordeoi orkestraren presentzia, hala nola, Zaharren omenaldiko jaialdian edo San Pedro jaietako omenaldian.
Baina, beste herriko taldeekin batera ere lana egin du eta hainbat ekitaldietan ere zuzendu ditu. Aipatzekoa da, Alboka Abesbatza eta Erketz E.D.T.-rekin batera, Euskararen Maratoiari amaiera ematen dion ikuskizuna, Eusko Irudiak,...
Aurki orkestraren 25. urteurrena ospatuko da, “oso harro nago horrelako akordeoi taldea zuzentzeaz eta batez ere, akordeoi jole profesionalak ez direnen taldea 23 urtez mantendu delako eta kalitatezko lana eginez,” azpimarratu zuen.