Aburuza janari-denda 1972an ireki zen Lasarte-Oriako Kale Nagusian. Hasieran Milagrosen senarra zen dendaria, eta bera laguntzaile. Baina orain dela 27 urte senarra hil zenean, Milagros jarri zen janari dendaren buru, “hasieran uste nuen ez nuela aurrera ateratzen lortuko, baina lortu nuen, eta hori niretzako satisfazio handia izan zen. Eta guztia, bezeroei esker.”
Guztira, 38 urte egin ditu lanean, horregatik, apirilean erretiroa hartu eta Aburuza janari-dendak ateak itxi zituen.
“Oso ibilbide polita izan da hemen bizitakoa. Esfortzu eta sakrifizio urteak izan dira, baina burutu dudan jarduera oso esker onekoa izan da” adierazi zigun bere laneko azken egunean.
Herritar ugariren hozkailuak eta armairuak hornitu ditu Aburuza janari-denda irekita egon den denboraldi luzean, “immigrazioa eman zenean, jende ugari etorri zen herrira, eta hauek ere nire dendan erosten zuten. Negozioak funtziona zezan lagundu zuten” azaldu zuen.
Horregatik, “oso eskerturik sentitzen naiz lasarteoriatarrekin eta biziarazi izan didaten garaiarekin, oso polita izan da. Badago jendea lanera kostata joaten dena, ni ez, beti ilusioz etorri naiz“ onartu zuen Milagrosek.
Gainera, “bezeroak askotan esan didate denda honetan sartzea etxera sartzea bezalakoa zela. Denda txiki hauetan bezeroekiko tratua etxekoekin bezalakoa da, oso hurbila. Erosketak egiteaz gain, gure gauzetaz ere hitz egiten genuen. Hemen bezeroak lagun bihurtu dira, eta nire erretiroa penaz hartu dute askok,” adierazi zigun.
25. urteurrenean janari-denda guztiz berritu zuten, “denda jada zaharkitua zegoen, zerbait egin behar genuen, eta horrek aurrera jarraitzeko indar handia eman zidan. Nire alaba zaharrenak diseinatu zuen denda berria, bera arduratu zen guztiaz. Gainera, nire ondoan okindegia jarri zuen. Garai ederrak izan ziren haiek” gogoratu zuen.
Orain hainbeste lan egin ostean, erretiroaren garaia iritsi zaio Milagrosi eta “nire bizitzaren momenturik hoberenean nago orain. Lana uzteko momentu ederra, osasuna daukat eta bizitzaz disfrutatu nahi dut. Urte hoberenak lanean pasa baditut ere, oraindik urteak geratzen zaizkit. Orain arte egin ez ditudanenaz disfrutatzea dut helburua” aitortu zigun.