Bere bizitza osoa irakaskuntzan eman eta gero, pasa den ikasurtean iritsi zitzaion erretiroa hartzeko eguna Koru Goikoetxeari.
24 urtez izan da Lasarte-Orian irakasle eta horietatik 15, Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko zuzendari bezala egin ditu.
“Lehendabizi Andatza Plazan zegoen Ikastolan hasi nintzen haur hezkuntzan. Hor ginela zuzendaritzan parte hartzeko talde bat osatu genuen. Ondoren, lehen hezkuntzara pasa eta Sasoetako zuzendari bihurtu nintzen,” azaldu zigun Koruk.
Sasoeta eta Zumaburu ikastetxeen fusioa bizi zuen Koruk, “mapa eskolarra etorri zenean bi ikastetxeen fusioa egin behar izan genuen. Egoera gogorra izan zen. Bi ikastetxe ginen, ezaugarri antzekoekin, baina ezberdinak. Baina zorionez, oso ondo moldatu ginen guztiak”.
Euskararen presentzia eskolan nabarmentzeko lan handia egin zuen zuzendaritza taldearekin batera. “Talde lan handia burutu genuen. Kontuan izan behar da gure ikastetxean hasi ginenean bazeudela irakasleak euskaraz ez zekitenak, baina bere aldetik asko jarri, eta duela urte dezente klaustro guztia euskaldun bihurtu zen,” azaldu zuen.
Kontent dago gainera ikastetxean euskararen alde burututako lanarekin, “poza hartzen dut egun eskolara hurbiltzen den norbaiti umeak euskaraz zuzentzen ikustea”.
Honetaz gain, Eskola kontseiluko bultzatzaileetariko bat dugu Koru Goikoetxea. “Ikastetxeak eta guraso elkarteak eskatutako zerbait izan zen. Ez dakit noraino iritsiko diren, bideak jarriak daude. Guraso, irakasle, udaletxea elkarrekin lanean ari dira gogor,” jakin arazi zigun.
2009-2010 ikasturteko amaierako jaialdian irakasleek eta gurasoen elkarteak omenaldia egin zioten: “oso hunkigarria izan zen momentua. Agurrak oso gogorrak iruditzen zaizkit, baina gurasoak oso ekitaldi polita antolatu zidaten eta irakasleek bertso polit bat kantatu”.
Hona hemen irakasleek abestutako bertsoa:
Horrenbeste sentimendu
oroitzapen ta bizipen
bertso batean laburtzen
sarritan ez da jakiten.
Lehena zinen zu Koru
beti lanari ekiten
urte luzetan euskara
ta ilusioak pizten
laguntza eske joanda
ez duzu aterik ixten
irriparra ezpainetan
ta ezin meriturik ken
nahiz ta bazoazelako
guri malko batzuk irten
segi ezazu bizian
zure bidea egiten.