Lasarteoriatarrak 2010ean Urtetan egindako lan eskuzabalarengatik omenaldia egin zion Kukukak

Txintxarri Aldizkaria 2010ko abe. 23a, 01:00

Alejandro Romok 83 urte ditu, Orian jaio eta Zabaletako aldapan bizi, bizitza osoa eman du herrian. Orain jada, "lagunartean egon" eta lasai bizi nahi du "ahal baldin badut". Baina orain artean beti egon da behar zuenari laguntzeko prest eta esku ona izan du lanerako.
Parodiako irudiak, Zabaletako Teresa sorgina,... oro har kultura edo jaiekin lotura duten elkarte edo talde desberdinentzat lan egin du Alejandro Romok.
Esate baterako, San Pedro Jaietako garai bateko buruhandiak Alejandrok diseinatu zituen, baina “gero Irunen egin zituzten, gure marrazkietan oinarrituta.”
Eta egun hauetan Danok Kideren egoitzan ikusgai egongo den Jaiotza Erraldoiaren sortzaileetako bat dugu Joxean Gomezekin batera.
Hala ere, azken urteetan Alejandroren eskuetan egon da jaiotzaren zaintza. “Hor ikusten diren tramankulu guztiak etxeko garajean prestatzen nituen. Orduak? Batere konturatu gabe, askotan goizeko ordu biak eta hiruak iristen ziren” azaldu zigun.
Izan ere, birziklapenaren maisu dugu Alejandro. Esate baterako, Jaiotza erraldoiko pieza gehienak birziklatuak direla aitortu zigun, “jaiotza erraldoian, 22-23 motor zahar dauzkat jarrita. Bat bakarrik erosi nuen, beste denak birziklatuak dira, eta erositakoa ez nuen jarri gainera, ez zeukalako indarrik. Ia dena birziklatua da, ia ez dut ezer erosten”.
Gauzak honela, Jaiotzaren zaintza gazteen eskuetan jartzeko garaia iritsi zela jakinarazi zigun, “lana egiteko ez dugu balio jada” eta iazkoa jaiotzaz arduratzen zen azken urtea izan zen, “bukatu dut. Aurten lagunduko diet, norbait joaten bada”. Eta horrela izan da gainera, jaiotzaren zaintza eta lekukoa Txus Alonso eta Iñigo Bobilloren esku utzi baitu Alejandrok.
Romok laguntzen dituen taldeen artean, Kukuka antzerki eta dantza eskola dugu. “Garrasi Ixilak laneko trintxerak egin nituen, dekoratu batzuk, maskarak,... beti zer edo zer, etortzen direnean, hor ibiltzen gara saltsan,” adierazi zigun.
Eta hau guztia, gustura egindako lana denez, “ez da lana” Alejandrorentzat. Gainera, eskuzabaltasun osoz egiten du, ”ez zait kostatzen hori egitea, naizena naiz eta besteei laguntzea ez zait kostatzen, batzuk esaten didaten arren ergela naizela, lanak egin eta ez kobratzeagatik. Ondo ordaindua sentitzen naiz“.
Horregatik, Kukuka Antzerki eta Dantza Elkarteak hainbat urtetan Romok emandako laguntza eskertu zion azaroaren 6an.
Kukuka Antzerki eta dantza taldea, Porrotx eta Marimotots herriko pailazoak, herriko hainbat talde eta mila bat lagun bildu zituen jaialdian, Alejandro Romori omenaldia egiteko tartetxoa egon zen.
Kukuka Antzerki eta dantza taldeko kideen eskutik egurrean tailatutako oroigarri polit bat jaso zuen Alejandrok, Lasarte-Oriako kultur arloan musu truk egin duen lanarengatik. Honelako ekitaldien zale ez bada ere, Alejandro Romok aitortu zigun oroigarria "oso polita" dela eta "pozik eta hunkituta" jaso zuela.
“Eskertzekoa da hori. Baina zoriondu nahi ditut beraiek ere, egiten duten lanarengatik. Antzerkikoek eurek dute meritua. Nola ez nien ba lagunduko!,” adierazi zigun.