Agustin Mujikak, 50 urte bete ditu aurten eta bizitza bizi-bizia izan duela ezin da ukatu. Urtea borobiltzeko Ttakun Saria jasoko zuen. Euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana eskertzeko ematen du urtero Ttakun saria elkarteak eta aurten Agustin Mujika Takolori ematea erabaki du.
Ez dirudien arren, euskaldun berria dugu Agus Mujika. 16 urterekin hasi zen euskara ikasten eta bat-batean euskal giroan erabat murgildu zen, “futbola utzi eta Michelingo bolatokian egoten nintzen Julian Etxaide bolaria zenarekin, musika jaialdi guztietara joaten nintzen, udan, udalekuetan begirale, gazte mugimenduan ere ibili nintzen”.
1977an gau eskoletan ikasle izan zen eta gerora, irakasle. Bitartean, Donostian sortutako euskarazko irakasle-eskolan lehenengo promozioko kide izan zen.
“Maisutzako praktikak Landaberri ikastolan egin nituen, eta gero Pablo Garaikoetxea ikastetxean euskarazko irakasle hasi nintzen. A ereduan, astean ia 5 ordu gela bakoitzean, 5 ikasgela eta ia 150 umerekin. Berehala, euskara asignatura izanik, inolako motibazio kulturalik ez zuten hainbeste ume euskalduntzea oso zaila izango zela sumatu genuen” adierazi zigun. Horren ondorioz, zenbait ideia bururatu zitzaizkien, eta hortik sortu ziren zenbait ekintza: eskolan emititzen zuen "Satorra irratia", Olentzeroren eguna, kanpaldiak, Santa Ageda...
Gainera, gerora horren ezagunak egin ziren Takolo eta konpainia Olentzeroren etorrera prestatzeko sortu zituzten Lasarte-Orian. “Herriko ikastetxeen arteko jardueren artean Olentzeroren eguna izaten zen deigarriena: normalean, Zumaburuko plazan, ia 1.500 ume biltzen genituen. Gehienek lehen aldiz janzten zuten euskal txapela edota buruko zapia. Ikusgarria zen. Urtetik urtera gero eta ume gehiago ziren Olentzeroren zain, egun "magikoan". Giro honetan Olentzeroren etorrera prestatzeko Takolo pertsonaia Xixuko ahatetxoarekin batera sortu genuen. Dinamika honetatik sortu ziren gero Pirrutx (Patxi Sanz) eta Porrotx (Joxe Mari Agirretxe) pailazoak ere” azaldu zigun.
Takolo, Pirrutx eta Porrotxek Euskararen I Maratoian egin zuten bere lehen emanaldia, azken finean "herrikoentzat sortu zen proiektuak, azkenean Euskal Herria osorako balio izan zuen" kontatu zigun Agustin Mujikak.
Lasarte-Orian ere euskara eragile dugu Agus Mujika, izan ere, 1986 inguruan sortu zen Euskara Taldeko kide izan zen. “Gure eginkizunak ezberdinak izaten ziren: batzuek euskal eremu baten aldarrikapenari lotuak, beste batzuek girotzekoak edota etorkizunari begira erakundeetan egindakoak Lehen ikerketa soziolinguistikoa egiten ere hasi ginen. Geroago Udal Euskara Batzordea sortu zen, eta pentsaera ideologiko ezberdinetako jendea elkartzen ginela ikusirik, saltoa egiteko garaia zen. Herritik udalera eta udaletik herrira,” azaldu zigun.
Honela, euskararen aldeko kanpainak antolatzen hasi eta Euskararen Maratoiaren ideia sortu zen, “ giro horretan bururatu zitzaidan 40 ordu euskaraz egitea!”
“Lehenengo Maratoia, beste guztiak bezala, oso neketsua izan zen, baina bereziki bizia. Uste genuena baino askoz gehiago lortu zen,” onartu zuen eta “hasieran, erokeria zirudiena, gerora herriko egun zoragarri bihurtu da eta asko pozten nau,” azpimarratu zuen Euskaren Maratoiaren aita eta zortzikoteko kideak.