Bisigua jaten zen garai bateko gabonetan

jon-altuna 2010ko abe. 23a, 01:00

San Tomasetan urtero taloak egiten dituztelako ezagunak dira Lasarte-Orian. Garai batean gabonetan zer jaten zen jakin nahi genuen eta beraiengana jo genuen. Lau emakumeetatik bakarra da lasarteoriatarra, Goiegiko Pepi Arsuaga, Aginagako Begoña Aranzadi, Añorgako Joxepi Garmendia eta Albisturko Mariangeles Ibarguren, laukotearekin elkartu eta umore onean kontatu zizkiguten euren etxeetako ohiturak. Etxe eta baserri bakoitzean desberdin jaten bazen ere, ondorio batzuek atera ditugu.

Gabonetako otorduetan erregea bisigua zen. Beheko suan, txapa gainean edo labean erreta jaten zen. Aurretik, zurrukutuna (baratxuri zopa, bakailao eta piper txorizeroekin), olio-aza,... eta ondoren ia etxe gehienetan konpota jaten zen. Eta turroi puskaren bat, mazapanak edota fruitu lehorrak ere izaten ziren.
Lau emakumeak baserrikoak edo baserri girokoak dira. Aginako Begoña Aranzadi izan da hiztunenetarikoa. Bera Oria ibai bazterreko etxe batekoa da, baina arrantza egitearekin batera baratza eta behiren bat izaten zutenez, baserri girokoa dela esan daiteke. Berak bixigua eta zurrukutuna ditu gogoan. Zurrukutuna bere amak nola prestatzen zuen kontatu digu, "Baratxuri zoparekin egiten zuen nire amak, gero bakailaoa gehitzen zion, patata eta piperra ere bai, eta sutan egosten eduki. Oso goxoa zen". Oraindik ere gustura jaten du. Bestela aza edo azalorea ere jaten ziren. Olio-azak ez du ezer berezirik, "ur irakinean aza bota, egosi, ura kendu eta olio errea bota. Besterik ez, eta hura, zuri zuria, fuente batean ateratzen zen".
Begoña Aranzadik halako batean zera bota du, "aza egunero edo sarritan janez gero, gripe edo katarrorik ez duzu harrapatzen" eta beste hiruak barrezka jarri ditu. "Denok parra egin duzue, banekien egingo zenutela, baina nik radioan aditu nuen". Mariangeles Ibargurenek arrazoia eman dio "aste honetan esan du doktore batek, aza, brokoli eta azalorea jan behar direla".
Arrain zopa jateko ohitura geroagokoa dela uste du Joxepi Garmendiak eta orduan ez zela hasteko pikatzeko, esparrago, marisko eta antzekorik izaten. "Etxe batzuetan jaten omen zuten, baina gurean ez genuen ezagutu".
Argi dago duela 50-60 urte apalagoak zirela ospakizunak, baita gabonetan ere. Pepi Arsuagak gogoratu duenez, "gure gaztaroan gerraostea zen, gosea zegoen eta janari horiek ez ziren. Garai hartan ez zegoen generorik, ez zegoen dirurik, ez zegoen ezer".
Orain, beste era bateko gabeziak daude, Kantauri itsasoan ia bisigurik ez dago. Aldiz, "bisigua jatea nahiko normala zen orduan, igandetan edo, sarri jaten zen" adierazi digu Joxepi Garmendiak. Pepi Arsuagak ere aitortzen du “fama bisiguak zuela”.
Lasarte-Oria eta Aginagan gabon gauetan angulak ere jaten zirela gogoratzen dute. Eta eguberritan bazkaltzeko oilaskoa edo arkumea. "Oilaskoa edozein garaitan ez zen jaten, egun seinalatuetan baizik. Oilasko eta arrautzak ahal bazen saldu egiten ziren "gogoratzen du Garmendiak. Ez omen zuten beti arrautza frijitu bana ere jaten, egun bereziren batean soilik. "Bakailaoa jaten zen, ia egunero, orain luxuzkoa bihurtu bada ere".

Kapritxoen gosea

Dena den, baserrietan goserik ez zuten pasa, jatekoa bazen, baina gauza berezirik ez, babarrunak urdaiarekin bazkaltzeko, porru patata edo baratxuri sopa afaltzeko, bakailaoa patatekin, beste arrainak ere asko jaten omen ziren, antxoa, katu arraina,... udazkenean gaztaina eta mizpirak,... Gaztainak danbolinean erretzen ziren. "Gaztaina garaian egunero jaten genituen" esan digu Joxepi Garmendiak. "Gosea? Kapritxoen gosea izaten zen: txokolate, gaileta,... " borobildu du.
Gabonetako otorduen postrean normalean fruitu lehorrekin egindako konpota jaten zen eta Pepi Arsuagaren ustez "gaur oraindik eusten zaio ohitura horri". "Eta eguberritan gure etxean arroz esnea jaten zen" zehaztu du Joxepik. Mariangeles Ibargurenek gogoratzen du xestoren batean jartzen zirela piku lehor, turroi eta abar gauean jateko. Turroia probatzeko adina behintzat bai, "orain baino lodiagoa zen". Mazapanak jateko ohitura zen erregetan.

Oiloa eta kapoiak

Gabonetan oilo zaharren batekin salda egiten zela ere gogoan dute, eta oilo hori gisatua jaten zela ilarrekin. "Arrautza asko egindako oiloa bazen akabatu egiten zen egun hauetarako" esan digu Begoña Aranzadik.
Kapoiak ere izaten zituzten baserrietan, Ibargurenek oroitzen duenez. Errenteroak izanda, nagusiari kapoi pare bat entregatu behar izaten zitzaizkien gabonetan, baina batzuek harrak ateratzen ziren, eta bi baino gehiago beti jartzen zituzten bada ezpada, harrak lehorxeagoak ateratzen zirenez etxerako izaten ziren. Kapoiak gabonetan edo erregetan jaten ziren.

Osasungarriagoa lehen

Dena den, Joxepi Garmendiak argi du lehengo jakiak sanoagoak zirela, orduko eta oraingo hegaztiak ez direla berdinak. "Oilaskoak edota kapoiak ez ziren orain bezain azkar hazten, orduan ia urte osoan izaten ziren hazten".
Txerri bat edo bi ere ia etxe guztietan hiltzen ziren: "eta orduan ez zegoen kolesterolik" diote barrezka. "Gutxi jaten zen egunean eta". Solomoak eta txorixoak koipetan gordetzen ziren urte guztirako. "Orduan bai onak! Dena zen sanoagoa orduan, txerriek ezkurra jaten zuten, orain igual arrainaren irinekin hazten dituzte, konpuesto zikin horrekin. Ez da berdina" salatu dute emakumeek.
Beste era batera, baina orain dela 50 bat urte ere gabon gaua, eguberri eguna, gabon zahar, urte berri eta errege eguna ospatzen ziren eta erregetan opariak izaten zituztela gogoan dute, "eskolako gauzak, barruko arropa, kamiseta,... baina beti mazapan edota piku lehor batzuekin batera, eta boligrafoak hasi zirenean boligraforen batekin batera”. Aurretik arkatzak, arbela eta luma-tinta erabili ohi zuten. “Eta arropak beti tintaz beteak".