242010, beste urte bat preso

jon-altuna 2010eko abenduaren 24a

Lasarte-Oriako preso politikoen senide eta lagunek hauen poesia, kontakizun eta bertsoen errezitaldia antolatu dute: urtarrilaren 7an egingo da 19:30etan Xirimiri elkartean. Beste urte bete kartzelan eman dutela gogoratu eta salatzeko urte amaierako egun hauetan beste zenbait ekintza ere burutuko dituzte, abenduaren 24an brindisa Okendo kalean 20:00etan eta abenduaren 31n manifestazioa 19:00etan Okendotik abiatuta. Gainera, urtarrilaren 8an, Bilbon, “Egin dezagun urratsa” lemapean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia ere luzatu dute.

Lasarte-Oriako presoek dauzkaten baldintza txarrak salatu dituzte beraien senide eta lagunek: "2010. urtea amaitu eta gure senide eta lagunek espetxean jarraitzen dute. Euskal Herria mendeetan jasaten ari den jazarpen politikoarekin amaitzeko garai berriak ageri dira bazterrik bazter, ordea gure senide eta lagunek espetxe politika basatia pairatzen jarraitzen dute. Herritik ehunka kilometrotara, ezarritako zigorra osorik beterik izan arren espainiar presondegietan bahiturik, bisita ukatuak, espetxeetako funtzionarioen etengabeko jazarpena, senide eta lagunen aurkako etengabeko erabakiak, bakartzeak, presio psikologikoak eta abar luze bat. Aski da! Preso politikoak dira, arazo politiko batek eraman ditu espetxera, hautu politiko bat egiteagatik”.
Presoen senide eta lagunen iritziz, garai hauetan giza eskubideak ahoz aho erabiltzen badira ere, "boterean diren politiko guztiek behin eta berriz bortxatzen dituzte giza eskubideak" eta horren zenbait adibide jartzen dituzte: "Gure kaleetan gizon armatuak ugariak dira, bizkartzainak beharrezkoak ote dira?, herriko udaletxeak "bunker" bat dirudi, poliziek gazteak atxilotzen jarraitzen dute, militarrak Euskal Herrian barrena maniobra militarrak burutzen, estatu terrorismoa praktikatu duten (GAL eta bestelakoak) terrorista guztiak kalean libre, euskal militanteen ezkutuko bahiketa eta jarraipenak,... eguneroko ogi bilakatu dira, Jon Antza euskal militantearen desagerpen eta heriotza ez da argitu, aukera politikoen etengabeko ilegalizazioa".

24 urte preso

Euskal Herria eta herritarrak bakean uzteko eskatzen dute eta presoen egoera gogoratu. Senide eta lagunek emandako informazioaren arabera, Ina Orotegi, Kepa Rezabal eta Mitxel Turrientes dira da kartzelan denbora gehiena daramatenak, 24 urte beteko dituzte abenduaren 28an eta bizi osorako kondenarekin dira, Orotegi, A Lamako espetxean,750 kilometrotara,Turrientes Herrera de la Manchan, 639 kilometrotara eta Rezabal, Monterroxon, 650 kilometrotara.
Xanti Arrospide eta Niko Franciscok 23 urte daramatzate kartzelan bizi osorako kondenarekin, Arrospide 255 kilometrora dagoen Zuerako espetxean eta Niko Francisco 639 kilometrotara, Herrera de la Manchan.
Juankar Balerdik 21 urte daramatza preso, Jaengo kartzelan dago 768 kilometrora bizi osorako kondenarekin eta bere senide eta lagunek salatu dutenez, urtea eta hiru hilabete daramatza "vis a vis"bisitarik izan gabe.
Javi Gallagak 13 urte eman ditu espetxean. Une honetan Cordoban da 850 kilometrora.
Ibon Etxezarretak 9 urte bete ditu 100 kilometrotara dagoen Arabako Langraitzeko espetxean.
Ibon Fernandez Iradi, Euro aginduarekin espainiar espetxetara ekarri dute epaiketak amaitu bitarte eta une honetan Valdemoron aurkitzen da, 480 kilometrotara. 7 urte daramatza espetxean.
Peio Eskisabelek bost urte daramatza espetxean eta Paris ondoko Fresnesen, 830 kilometrotara. Aitzol Iriondo ere Paris ondoan dago, Bois d'Arcyko kartzelan azken bi urteotan.
Aipatutako azken bi preso hauek Parisen daude preso eta beraz Frantziar estatuko araudien menpe daudela salatu dute senide eta lagunek, hau da, presoek ez dute telefono deia egiteko eskubiderik, eguneko 22 ordu ziega barruan sarturik egon behar dute eta ez dute inolako "vis-a-vis" bisitarik.