Hotza eta euriari aurre eginez talde ugari atera ziren abestera ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2010eko abenduaren 27a

Urtero bezala, talde asko atera ziren herriko kaleetan zehar zein baserrietan, abestera.
Goiztiarrenak Zabaleta Auzokoak izan ziren, goizeko 10:00etan abiatu ziren kaxkabarra zapar baten ondoren. Gero Landaberri ikastolakoak, Naximentuaren lagunak... Ogi Berri okindegiko Olentzero ere Lasarte-Oriara etorri zen madalen goxoak banatzera.
Arratsaldean ere beste talde batzuk animatu ziren; Erketzeko kideak baserrietara joan ziren, Alboka abesbatzakoak Atsobakarren hasi ziren gero erdigunera joateko asmoz. Ttakunek Olentzerori ongi-etorria emateko antolatu zuen jaialdia Andatza plazan izan zen eta lagun asko bildu zituen: Xixuko, Jalguneko lagunak, Amaraun ludotekakoak, Amalurreko trikitilari eta pandero joleak, Porrotx, Pupu eta Lore... Gainera Andatza plazara hurbildutako haurrek Olentzerori gutuna emateko aukera izan zuten.