Giro onean eman zitzaien ongi-etorria Gabon jaiei

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 7a

Gabonak pasa dira! Hainbeste, jan, edan, eta kantatu ostean normaltasunera bueltatzeko garaia iritsi zaigu. Baina aste betean bizi eta gozatutako guzti hori ahaztu gabe. Lasarte-Orian giro ederra izan da egunotan, eguberri bezperan talde ugari izan ziren kalean alaitasunez kantuan herrian giro berezia jarriaz. Urte hasiera honetan gure gogora ekarri nahi izan ditugu irudi horiek berriro.

Urtero bezala, talde asko atera ziren abenduaren 24an herriko kaleetan zehar zein baserrietatik gabon kantak abestera.

Goizean goiz

Goiztiarrenak Zabaleta Auzokoak izan ziren, goizeko 10:00etan abiatu ziren kazkabar zaparrada baten ondoren herriko kaleak euren doinuekin alaitzeko.
Gero Landaberri ikastolako haurrak ikusi genituen herrian zehar Olentzeroren laguntzaz giroa berotzen.
Naximentuaren lagunak taldekoek ere ez zioten urteroko zitari huts egin: euren jaiotza kaleetan zehar erakutsiz kantuan ikusi genituen goizean zehar eguraldi euritsuari aurre eginez.
Olentzero Ogi Berri okindegiko furgoneta zaharrean etorri zen Lasarte-Oriara. Madalena goxoak banatu zituen hurbildu ziren guztien artean. Gainera, antzinako garaietako ibilgailuan agertu eta bertan ibili zen goiz guztian zehar.

Kantuari eutsiz

Arratsaldean ez zen Gabon giroa apaldu Lasarte-Orian, eta ohiko beste talde batzuk ibili ziren kaleetan zehar. Eguraldi aldakorrari eta hotzari aurre eginez giroa berotzen aritu ziren hainbat talde.
Erketzeko kideak, aldiz, baserrietara jo zuten Gabon kantak herriko kaleetatik urrun bizi direnei eskaintzeko asmotan.
Alboka abesbatzakoak ere kantuan aritu ziren Eguberri bezperan. Atsobakarren hasi ziren gero erdigunera eginez.

Gazteak animatuak

Ohiko taldeez gain gazte koadrila batzuk ere ikusi genituen herriko kaleetan kantuan eta dantzan. Guztiak baserritarrez jantzita Gabonei ongi etorria emateko.
Euria eta hotza albo batera utzita, herritar asko ibili zen erdiguneko kale eta tabernetan gabon eguneko eta lagunarteko giroaz gozatzen.
Eguerditik aurrera herriko kale eta tabernak jendez bete ziren. Baina arratsalde-gau partean, guztiok barneratu ginen familia giroan urtero bezala, txintxo txintxo, herriko kaleak hustu eta familiarekin afaltzeko etxera abiatuz. Gauerditik aurrera berriro, ere festa izan zen nagusi herriko kaleetan.