Olentzerok ilusioa ekarri zuen

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urt. 7a, 01:00

Xixuko, Jalgune elkarteko gazteak, Amaraun ludotekako haurrak, Amalurreko trikitilariak eta pandero joleak, Porrotx, Pupu eta Lore... aurten ere milaka lagun bildu ziren Olentzerori ongi-etorria emateko; Ttakun Kultur elkarteak Andatza plazan antolatutako jaialdira ez zen inor falta.
Gainera, eguraldia lagun izan zuen ikazkinak. Goizeko euri zaparradak eten eta arratsaldean, nahiz eta hotz egin, giro oso onarekin burutu zen ekitaldia.

Musika nagusi

Musika eta gabon kantak izan ziren nagusi Andatza plazan. Amalur eskolako lagunek eman zioten jaialdiari hasiera. Aurretik, herriko kaleak girotu zituzten Andatza Plazaraino kalejira eginaz.
Ondoren Jalguneko lagunek prestatutako gabon abestiez gozatzeko aukera izan zuten biuldutakoek.
Eta Porrotxek bi gonbidatu berezi ekarri zituen Olentzero ezagutzeko, Pupu eta Lore, Pirritxen umetxoak.
Era berean, Amaraun ludotekako haurren trebezia ikusi zuten plazara hurbildu zirenek, oholtza gainean kantuan eta dantzan egin baitzuten.

Olentzero puntual

Olentzero iristeko irrikitan zeuden guztiak eta finkatutako orduan iritsi zen herrira.
Haurrek harrera beroa egin zioten. Eta oholtzan hitz batzuk esan ostean, Olentzerok ume eta gaztetxoek idatzitako eskutitzak eta muxuak jaso zituen atsegin handiz.
Ume ugari bildu zen aurtengo oparien eskutitza Olentzerori pertsonalki emateko. Badakigu eta posta nola ibiltzen den urteko sasoi honetan.
Eskutitza emateaz gain, haurrek ere bere oparia egin zioten Olentzerori eta honela, umeek maitasunez egindako marrazkiak ikusgai egon ziren Andatza plazan.
Ekitaldia amaitu eta, guztiok hurrengo egunean opariak eduki ahal izateko, Olentzero eta Xixuko lanera joan ziren azkar-azkar.