Etxebizitzen eskatzaileen erroldan baja emateko arrazoiak, zozketa sistema eta behin behineko eta behin betiko esleipenen arauak aldatu dira.
Erregistroan baja
Salbuespenak salbuespen, hauek kontuan izan gabe, bi etxebizitza-esleipeni esanbidez uko egitea edo etxebizitza bakarrari isilbidez uko egitea erregistroan baja emateko arrazoiak izango dira.
Era berean, etxebizitza onuradun izateari uko egiten dionak ez du bi urtetan beste prozedura batean parte hartzeko aukerarik izango. Beti ere, eskatutako etxebizitza mota eta erregimena bakarra ez bada. Kasu honetan erregistroan baja emango zaio zuzenean.
Zozketa eta zerrenda
Honetaz gain, etxebizitzak esleitzeko zozketa bakarra egingo dela azaltzen da arau berrietan eta, era berean, zozketa sistema finkatzen da.
Hau da, azaroko zozketan Udalak erabilitako sistema erabiliko da eta ondoren, zozketako hurrenkeraren arabera, behin behinekoz esleituko dira kupo bakoitzeko etxebizitzak.
Eta gainera, zozketa horren emaitzetan oinarrituta itxaron zerrenda bat sortuko da.
Zerrenda horretan dauden pertsonek aukera izango dute esleipedun batek baldintzak betetzen ez baditu, norbaitek esleipenari uko egiten badio, beste promozio batetako esleitu batek uko egiten, baja ematen edo baldintzak betetzen ez baditu.
Alokairuko etxebizitzen eskatzaileen zerrenda titularrak etxebizitza zesioan ematen dueneko kasuan erabiliko da.
Gainera, mugikortasun urritu iraunkorra duten pertsonei erreserbaturiko etxebizitzak eskatzaile ezagatik esleitu gabe geratzen badira, Etxebizitza erregistroan eskatzaile gisa ageri eta araudia betetzen duten mugikortasun urritu iraunkorra dute pertsonak hautatuko dira eta zozketa bidez, erabakiko da nork eskuratzen duen.
Esleipenak
Behin behineko eta behin betiko esleipenen arauetan ere aldaketak ageri dira.
Behin behineko onuradunen zerrenda jakitera emango da, baita hauei dagozkien etxebizitzen datuak ere.
Eta hauek, hamabost eguneko epea dute etxebizitza onartu edo ukatzeko.
Ostean, onuradunak promozio eta Udalaren eskakizunak betetzen dituela frogatu behar du.
Dokumentu guztiak aztertu ostean, onuradunen behin betiko zerrenda jakitera emango da.
Kontratua sinatzeko garaian, Udala edo enpresa sustatzailea bi alditan saiatuko da harremanetan jartzen. Onuradunarekin hitz egin ez bada edo sinaketa ekitaldira agertzen ez bada, esleipena indargabetu eta uko-egite bezala aintzat hartuko da.