Lasarte-Oriako pailazoek BEC-a bete egin zuten

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 7a

Eguberriak beti dira bereziak, baina Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoentzat are gehiago. Urtero saioa estreinatzen dute aro honetan, eta herriz herri ibiltzen dira. Aurten gainera Pirritxen bikiak, Pupu eta Lore aurkeztu dizkiete hainbat herritan bildu diren haur eta gurasoei.
Eta ekitaldi horien guztien artean, abenduaren 26an, BECen emandako bi saioak nabarmentzen dira. Izan ere herriko pailazoek 11.000 haur eta guraso izan zituzten ikusle.

Laguntzaile bereziak

BECeko ateak saioa baino ordu bete lehenago ireki ziren.
Sarrera pixka bat girotzeko eta bide batez Irrien lagunen klubeko informazioa banatzeko, laguntzaile berezi batzuk izan zituzten pailazoek, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako 15 lagun inguru.
Pailazoz jantzita jendeari harrera egin, klubaren informazioa eman eta arkuak jarri zituzten. Gainera, Tolosako Bonberenea txarangaren laguntza izan zuten, hauek musikarekin dantzan jarri baitzituzten inguruko guztiak.

Saioan dantzan

Saioan zehar gonbidatu ugari izan zituzten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eta horietako bat herriko eskolako klown taldea izan genuen.
Amaiera aldera, Irrien Lagunak abestia hasi aurretik hain zuzen ere, Kukukako kideak oholtzara igo ziren. Kukukako pailazo batek agurra dantzatu eta ondoren kide guztiek amaiera arte dantza egin zuten pailazoekin batera oholtzan.
Azkeneko abestian gainera, Bilboko konpartsen ordezkari bana ere igo ziren dantzara.