Buruntzaldeko Igeriketa taldeko gazteak markak hausten ari dira

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 7a

Buruntzaldeko Igeriketa taldeko gazteek ez dute atsedenik izan Eguberrietan. Abenduaren 29an, Neguko Nazioarteko Sariko kanporaketak jokatu ziren Anoetako Paco Yoldi igerilekuan.
Bertan izan ziren, Borja Apeztegia eta Ruben Villalonen zuzentzen duten igeri egiteko taldeko Alazne Egiazabal, Jone Vazquez, Naroa Goikoetxea, Itsaso Tolosa eta Garazi Alkorta nesketan eta Oier Mitxelena, Haitz Mitxelena, Iñigo Ibarburu, Mikel Arribillaga eta Mikel Esnal mutiletan.

Markak hobetzen

Lan ona egin zuten gazteek lehiaketa honetan, Borja Apeztegia taldeko entrenatzaileak jakinarazi digunez: Bederatzi igerilarik lortu zuten beraien marka pertsonala hobetzea goizeko saioan.
Honela, Iñigo Ibarburuk 100 tximeletan 1m. 12s. 36e. denbora egin zuen, eta 100 libre proban 1m. 04s. 25e.; Mikel Arribillagak 50 bizkar proban 33s. 02e.-ko marka, 50 libre proban 28s. 31e.-koa eta 100 bizkar proban 1m. 11s. 36e. egin zituen; Jone Vazquez-ek 50 libren 34s. 82e.-ko denbora egin zuen; Haitz Mitxelenak 50 tximeletan 30s. 03e.-eko marka eta 100 libren, berriz, 1m 02s. eta Naroa Goikoetxeak 50 bular proban 38s. 96e. ehuneko denbora egin zuen.

Hiru neska finaletan

Marka hauetaz gain, hiru emakumezkok arratsaldeko finaletan egoteko txartela lortu zuten. Hauek Garazi Alkorta, Naroa Goikoetxea eta Alazne Egiazabal izan ziren.
Alkortak 100 tximeleta proban 8. postua eskuratu zuen; Goikoetxeak 50 bular proban 7. postua egin zuen bere marka onena hobetuz eta 100 bular proban ere postu berdina eskuratu zuen. Azkenik, Alazne Egiazabalek 50 bular proban 8. postua eta 50 libre proban 7. postua egin zituen.