Herriko preso politikoen bertso, ipuin eta poemen errezitaldia Xirimirin

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 7a

Herriko preso politikoek beste urte bete kartzelan eman dutela gogoratu eta salatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte euren senide eta lagunek egun hauetan, besteak beste, euren aldeko brindisa eta manifestazioa abenduaren 24 eta 31an hurrenez hurren, baina ekitaldirik berezi eta seguraski hunkigarriena gaur bertan, urtarrilaren 7an burutuko da arratsaldeko 19:30ean hasita Xirimiri elkartean: urteari hasiera dotorea emateko, Lasarte-Oriako preso politikoen poesia, kontakizun eta bertsoen errezitaldia egingo da.
“Harresi guztien gainetik, sarraila guztien azpitik” izenburua jarri diote gaur burutuko den ekimenari. Kartzelatik aurten iritsitako bertso, olerki eta kontakizun ezberdinen errezitaldiaren ondoren Xirimiri elkartean bertan afalduko dute ekimenean parte hartu dutenek. Nahi duten guztiei irekia dago afaria.
Gaur egingo den ekimenarekin, herritik urrun badauzkate ere herritarrekin lotura dutela eta herriko bizitzan presentzia dutela aditzera eman nahi dute antolatzaileek.
Hauek aurreratu dutenez, gaur arratsaldeko ekimena ez da ekintza isolatua izango, eta kartzeletatik testu gehiago iristen diren heinean beste bertso, kontakizun eta olerki errezitaldiak burutuko dira. Hori adierazi dute antolatzaileek, horrela, tarteka ekitaldiak eginez, elkarren berri izateko bide horri bizirik eutsiko zaio.

Presoen aldeko brindisa

Herriko preso politikoak ez ahazteko, urtero bezala abenduaren 24an Lasarte-Oriako preso politikoen senide eta lagunen ohiko brindisa antolatu zuten Okendo kalean. Jende ugari bildu zen bertan egun hauetan herrian egoterik ez duten lasarteoriatarrak oroitzeko eta ahazten ez dituztela erakusteko.
Ane Labaka herriko bertsolariak bertso batzuk kantatu zituen bildutako guztien aurrean eta Beñat Iriondok, hurbildutako guztiei eskerrak eman eta preso politikoen senideek egun hauetan bizi dituzten uneak ekarri zituen gogora, izan ere, Gabonak familiartean igarotzeko egunak diren heinean, eurek senide bat urruti dute eta.

Urteari agur

Urteko azken egunean ere Okendotik abiatuta Euskal Presoak eta Iheslariak etxera hurbiltzeko eskatuz hainbat lagunek herriko kaleak zeharkatu zituen. Hainbat lagun elkartu ziren abenduaren 31 arratsaldeko manifestazioan.