N-1ean soinu pantaila gehiago jarriko dira

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 8a

Julio Astudillo, PSE-EEko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Jesus Zaballos, Lasarte-Oriako alkateak asteartean eskaini zuten prentsaurrekoan, N-1 errepidean soinua ekiditeko pantaila gehiago jarriko direla jakin arazi zuten.
Izan ere, Julio Astudilloka azaldu zuen bezala, “Lasarte-Oriak kontaminazio akustiko maila handia pairatzen duen herrietariko bat da. N-1ak zatitua dago eta orain, gainera bigarren ingurubidea du”.

Eskaerei erantzunik ez

Gipuzkoako Foru Aldundiak soinuaren mapa kontuan izanik Lasarte-Oria zeharkatzen duen N-1 errepidean pantailak jarri bazituen ere Zabaleta, Loidi Kalea, Oztaran, Arranbide, Oria etorbidea eta Antxisu bailarako eremuak hauek gabe ageri dira oraindik.
Lehenengo pantailak jarri ostean, errebote efektua dela eta,soinuraren arazoa larritu egin zen pantailak ez zeuden eremu batzuetan. Bizilagunen kexak entzun ostean, Lasarte-Oriako Udalbatzarrak Foru Aldundira mozio bat bidali zuen eremu horietan pantailak jartzeko eskatzen, baina alkateak jakitera eman zuenez, “ez dugu erantzunik jaso”.
Gainera, alkateak azaldu zuenez, Foru Aldundiarekin harremanetan jarri ziren pantailak jartzeko erabiliko zuten egutegia eta eremuak ezagutzeko, baina ez zitzaien dokumentua bidali.

Aurrekontuetan partida

Gauzak honela, N-1 errepideak sortzen duen soinuaren arazoari irtenbide baten bila, Batzar Nagusietako PSE-EEko taldearekin harremanetan jarri zen herriko taldea.
PSE-EEko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea den Astudillok azaldu zuenez, “elkarlanari esker, emendakina jarri genuen Gipuzkoako Foru Aldundiko 2011 urteko arrrekontuetan soinu pantailak jartzeko zegoen partidari, 500.000 euro”.
Emandakina onartua izan zen eta diru kopuru hori 150.000 eurotan igo da.
Astudilloren hitzetan, “emendakin horretan, gainera, Lasarte-Oriako eremu horiek izenpetuta agertzen dira eta horrek lanak egingo direla ziurtatzen du”.
Gainera, nahiz eta data zehaztu gabe egon, “Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSE-EE taldeak lan horiek lehenbailehen aurrera eramateko lan egingo du,” adierazi zuen.
Izan ere, “arazoa pairatzen duten herritarren bizi kalitatea eta herritar guztiena hobetzen lagunduko dute pantaila horiek,” azpimarratu zuen Batzar Nagusietako bozeramaileak.

Inbertsio gutxi

Baina Lasarte-Oriako alkateak prentsaurrekoan jakin arazi zuenez ez da pantailen eskaera erantzunik gabeko bakarra. Izan ere, Udalak eta auzo elkarteek egin duten ospitaleetarako autobusaren ibilbide aldaketaren eskaerari buruzko idatzirik ere ez du Udalak.
Honetaz gain, Lasarte-Oria 2010 urtean Foru Aldundiaren inbertsio gutxien izan duen Gipuzkoako herria izan dela jakin arazi zuen, “Gipuzkoako bataz bestekoa, biztanleko 790 euro izan bada, Lasarte-Orian 234 bat euro izan dira.”
Eta hau guztiagatik, Lasarte-Oria Foru Aldundiarentzat bigarren mailako herria dela salatu zuen alkateak. “Biztanle kopuruan bederatzigarren herria izanik, tamalgarria da,” adierazi zuen.