Asteazkenean, ordea, haurrak urduri ikusi genituen, erregeak ikusteko aukera zutelako. Hauek oso lanpetuak ibili ziren herri batetik bestera eta, hala ere, Lasarte-Orian ere egon ziren.
Eskutitzak biltzen
Goizean, gainera, Errege magoak Atsobakar erresidentzian egon ziren. Bertako lagunei bisita egin zieten eta opariak banatu.
Bitartean, haien laguntzaileek haurrek eskutitza egiteko tailerra antolatu zuten, Sagardotegi kalean. Hala ere, umetxo ugari izan ziren etxetik gutuna egina eraman zutenak eta horiek ere bildu zituzten ekialdeko erregeen laguntzaileek.
Kabalgata
Arratsaldean, euria egingo zuela zirudien arren, tantatxo batzuk besterik ez zituen egin eta honela, Errege mago, zein laguntzaileak herriko kaleetatik barrena ikusi genituen.
Andoainetik sartu ziren hiru erregeak haien laguntzaile eta zuziri emaileekin.
Ibilbidean bi geldiune egin zituzten bata Biyak Bat elkartean eta bestea Brigitarren komentuan. Azken honetan, Brigitarren jaiotzako haurrari opariak utzi eta mojei bisita egin zieten erregeek.
Ostean, Kale Nagusia utzi eta Kabalgatako ibilbide zaharra zena egin zuten, hau da, Hipodromo etorbidetik Pablo Mutiozabal kalera, ostean Iñigo de Loyola kalea hartu Geltoki kalean bukatzeko eta Hipodromo etorbidetik gora Andatza plazara egin zuten Donostiako etorbidetik.
Andatzara iristean, plazara hurbildu ziren herritarrak agurtu zituzten hiru erregeek. Gainera, Meltxor eta Gasparrek umeen eskutitzak irakurri eta goxokiak bota zituzten . Jarraian, haurrak oholtzara igo ziren Erregeei eskutitzak eman eta nahiak esateko.