Taldea 2008an sortu eta hemen ondo jotzen ari zirela ikustean, erdi brometan esaten zieten bi kanpotarrei noiz joango ote ziren euren herrialdetara. Dei batzuek egin eta orain izan dute aukera hainbat kontzertutan jotzeko.
"Louise Michel Tour 2010" interesgarri hau Donostian hasi eta bukatu zuten: azaroaren 19an Leize Gorrian jo zuten eta abenduaren 11n Altxerrin, eta tartean, 26, 27 eta 28an hiru kontzertu Berlinen, azaroaren 30ean Pragan, abenduaren 1ean, Lanskroun Michael gitarrajole txekiarraren jaioterrian, 2an Eslovakiako Bratislava hiriburuan eta bukatzeko azkena berriro Txekian Ceske Budejovice Budweiser garagardoa egiten delako oso ezaguna den hirian.
Bost mila kilometro
Jokin Telleriak adierazi digunez pozik itzuli dira eta asko ikasi dute: taldeko bost kideak elkarrekin ibili dira 12 egunetan furgoneta batean, 5.000 kilometro egin dituzte eta kontzertu interesgarriak emateaz gain, euren arteko harremana oso ona izan dela azpimarratu du lasarteoriatarrak.
Bidaia, taldearen etorkizunarentzat mugarria ere izan daitekeela uste du bateria joleak, dauzkaten desberdintasun musikalak jorratzeko aukera ere izan dute eta.
Berlinen ostatu merke bihurtu den etxe okupatu batean lo egiten zuten. Bestela, lagun "jatorren" etxeetan eta aterpetxe batean.
2008an sorturiko taldea
Jokin Telleriarekin batera, beste lau lagun dira taldean. 2008an zen sortu zen Zarautzen, teklak eta gitarra jotzen dituen Marek eslovakiarra eta Michael gitarra jole txekiarra elkartu zirenean. Jaione Galdos abeslari eta gitarrajole irundarra sartu zen gero taldean, Patxi Agirre baxujole zarauztarra ondoren eta azkenik Jokin Telleria lasarteoriatarra iazko apirilean.
Bira honetako kontzertuak oso ezberdinak izan zirela kontatu digu Telleriak. Guztietan 40-50 bat lagunen aurrean jo dute, baina esaterako Berlinen bat taberna turistiko batean eskaini zuten beste bi talde eta hiru DJrekin, hiri erdian, jende asko zebilen tokian; beste bat, kabaret show baten ondoren Bieloerrusiarren areto batean, edota azkena etxe okupatu batean, talde heavy baten aurretik.
Kontzertu akustikoa
Kontzertu bereziena eta Jokin Telleriaren iritziz "politena", hilaren 28an Berlingo Joes Bar-ean eman zutena izan zen. Ez zegoen Louise Michelen bira honetan aurreikusia, azken orduan sortu zen aukera. Tokirik txikiena izan zen, 25 bat pertsona sartzen ziren, eta jabeak ez zuen ezta bateriak jotzerik nahi. Baxurik gabe jo zuten akustikoan eta Jokinek kaxa (danbor) eta plater bakarrarekin soilik. Honen iritziz, bikaina izan zen. Aurretik poesia errezitaldian parte hartu zuen kanadar bikote batekin, jam sesio moduko bat egin zuten, White Horse abestiaren bertsioarekin. "Poesia errezitatzen munduko txapeldunak ziren; Birako momenturik onena izan zen" Jokinen iritziz.
Europan hotz bolada hasi zenean abiatu ziren Berlinerantz, azaroaren amaieran, eta errepideetan ez dute arazorik izan, baina nabaritu dute hotz handia. Jokinen pasadizo bitxia ere izan zuen: materiala furgonetan zuten "zero azpitik 5 gradutan edo", lokalera sartu eta berehala hasi ziren jotzen eta bonboetako bat puskatu egin zitzaion, bateria jotzen hasi zenetik "lehenengo aldiz". Gaizki pasa zuen: "hurrengo kontzertuetan instrumentuak lehenago sartzen genituen bada ezpada".
Elektro-folka
Dena den, hemendik kanpo kontzerturik eman gabe zegoen Jokin Telleria eta oso pozik dago egindakoarekin: "Asko ez dut bidaiatu eta niretzat "esperientzia" handia izan da". Louise Michelek bi formatu ditu, bat akustikoa, eta beste elektrikoa. "Bira honetan esan digute elektro-folk fusion egiten dugula”, esan digu barrezka Jokin Telleriak, "etiketatzea beti da zaila. Folk, gitarra akustikoak erabili eta musika melodikoa jotzen dugulako agian,...” Taldea ezagutu nahi izanez gero, www.myspace.com/louisemichelband helbidean taldeari buruzko informazio gehiago jaso daiteke.
Momentuz grabatuta duten bakarra maketa bat da. Bateria elektronikoarekin grabatu zuten Jokin hasi aurretik eta beraz, ondoren, asko aldatu da euren musika: "Itzuleran norantz joan nahi dugun hitz egiten aritu gara: oso harreman ona daukagu gure artean, hainbeste egun elkarrekin eta ez dugu eztabaidarik izan, baina musikalki baditugu diferentzia batzuek, oso desberdinak gara bostak eta alde horiek leuntzen ari gara".
Oreindik eta Louise Michel taldeak partekatzeko lanak ditu Jokin Telleriak. Biak "oso talde ezberdinak dira" aitortzen du, baina bietan oso gustura ari denez ez da arazo: "astean zehar ia egunero ensaiatzen dut, batekin edo bestearekin, batez ere Zarautzera joatea kostatzen zait baina hain gustura nabilenez,..."
XIX. mendean Parisen
Askok pentsatzen dute Jaione abeslaria dela Louise Michel, baina ez da horrela. Agirre baxujolea da ideologiaz anarkista xamarra, eta berak proposatu zuen Louise Michel, izena: "behartsuentzat lapurtzen zuela dio berak, eta anarkisten bandera beltza lehen aldiz aireratu zuela".
Pariseko alde zaharrean egin zen ezaguna XIX. mendeko emakume indartsu hau eta bira honetan bertan jo nahi zuten. Hiriburuko alde zaharrean bizi da Lucio Urtubia anarkista nafar ezaguna eta hain juxtu bere etxean jarri du "Louise Michel" kultur gunea, "bisitatu nahi duten guztientzat beti irekia dagoena".
Txekiatik bueltan Parisen jotzeko asmoa zuten, deitu zioten Luciori, baina kanpoan zen. "Mundu osoan zehar ematen ditu hitzaldiak eta ez genuen harrapatu. Pena bat izan da honelako leku batean ez jotzea. Izugarria izango litzateke". Hurrengo batean izan beharko du.