Urte berriko egutegiko argazkiak aukeratzeko argazkilaritza lehiaketa antolatzen du El Diario Vasco egunkariak. Aurtengoa hirugarren edizioa izan da eta bertan, Aitzol Etxegoien herritarrak bigarren saria eskuratu du. Ondoren, argazki sarituekin, 2011. urteko egutegia argitaratu eta banatzen du aipatutako egunkariak. Hain juxtu, apirilari dagokion orrialdean jarri dute Etxegoien herritarrak egindako argazkia. Gu berarekin bildu gara, argazkilaritzaren mundua hobeto ezagutzeko asmoz.
Nola otu zitzaizun El Diario Vascok antolatzen duen lehiaketan parte hartzea?
Lehiaketa hau aurretik ezagutzen nuen, hirugarren urtez egin dute, eta ni bigarren aldiz aurkezten naiz.
Lehiaketa honek oso harrera ona du Gipuzkoa mailan eta sari potoloak ematen ditu. Gainera nik egiten dudan argazkilaritzak paisaiarekin erlazio handia dauka eta hemen Gipuzkoako paisaiak ziren gai nagusi.
Zein argazkirekin lortu duzu bigarren sari hori?
Lehiaketako bigarren saria eskuratu dut Ernion ateratako paisaia baten argazkiarekin, nahiko paisai itxia da gainera. Goitik hartutako irudia da, zerutik, abioneta batetik aterata izango balitz bezala. Mendiko goiko partetik atera nuen eta ematen du zerutik atera nuela.
Arditxoak ageri dira, hodei bat osatuko balute bezala, argazkia erdibitzen duen langa bat ere ikusten da, artzaina... argazki nahiko abstraktua da baina gustatu egin zaie.
Argazki hau espresuki lehiaketa honetarako atera al zenuen?
Ez, aspaldidanik egina neukan. Gutxi gora behera 2004ko udaberrikoa da. Argazki digitalak egiten hasi nintzenean atera nuen lehenengo argazkietakoa da hau.
Zergatik egin zenuen?
Mendian asko ibiltzen naiz eta gehienetan kamera eramaten dut nirekin zer edo zer ikusi ezkero gordetzeko. Ardiak goitik ikusi nituenean asko gustatu zitzaidan irudia, konturatu nintzen argazki ona izan zitekeela. Oso berde zegoen dena, udaberria zen, apirila.
Argi al zeneukan argazki horrekin irabaz zenezakeela sariren bat?
Ez. Guztiz kontrakoa. Gipuzkoako txokoren bat eskatzen zuten, eta argazki horretan ez da gure probintziako ezer karakteristikorik ikusten. Edozein leku izan daiteke.
Lehiaketara hiru argazki bidali zitezkeen eta nik uste nuen bidali nituen beste biak aukera gehiago izango zituztela, baina azkenean...
Aitak konbentzitu ninduen irabazi duen argazkia bidaltzeko, eta ondo egin nuen kasu eginez.
Askotan lehiaketetan parte hartu baino lehen argazkia erakusten diot bere iritzia jakiteko eta oraingoan ondo asmatu du.
Zein sari ziren?
Hiru sari handi zeuden, lehenengoa 2.000 eurotakoa, bigarrengoa 1.000 eurokoa, hau nik irabazi nuen, eta gero beste hirugarren bat 600-800 eurotakoa.
Diru aldetik hainbeste ematen duten sari asko ez daude.
Zer sentitu zenuen irabazleetariko bat zu zinela esan zizutenean?
Jesus Kristoren poza hartu nuen, lehiaketa honetara aurkezten naizen bigarren aldia da eta oraingoan, bigarren saria eskuratu dut.
Argazkia argitaratu den egutegi honek gainera izugarrizko tirada izan du, milaka ale atera dituzte Gipuzkoan zehar banatzeko.
Beraz, zuk ateratako argazki bat mila aldiz errepikatuta ikusteak izugarrizko poza ematen du. Sentsazio polita eragin dit.
Beste lehiaketa batzuetan parte hartu al duzu?
Dexentetan aurkeztu naiz. Urte mordoa daramazkit argazkilaritza munduan amateur bezala. Argazkilaritza garestia da, dirua inbertitzen duzu eta diru hori errekuperatzeko lehiaketa bide bat da. Gainera hor ikusten duzu ateratzen dituzun argazkiak onak diren ala ez, eta zure gaitasuna epai-mahai baten aurrean epaitua izan dadin.
Zure beste lanen bat aipatuko al diguzu?
Euskararen Maratoiko azken logotipoak, kartelak.. nik egin nituen. Gainera, 2000 urtean herriko San Pedro jaietako kartelaren lehiaketan saria eman zidaten.
Argazkilaritza pasio bat da zuretzako, ezta?
Bai, aspalditik nabil mundu honetan. Nire bizitza argazkilaritza munduari lotuta ikusten dut.
Nik dudan hobby handiena da. Irudiak ikaragarrizko erakarpena du niretzako, argazkilaritzak denbora gelditzeko daukan boterea deigarri egiten zait. Momentu zehatz bat irudikatzeko aukera eskaintzen dizu. Zure bizitzako momentu konkretu bat, istant hori, gordetzeko aukera ematen dizu.
Paisai bat edo pertsona bat izan daiteke, hemendik urte batzuk barru aldatuta egongo dena, baina zuk garai horretako irudia gorde duzu, mantendu duzu. Ikaragarrizko magia dauka.
Momentu bateko irudi hori gordetzeko eta beti oroitu ahal izateko aukera eskaintzen dizu.
Pasio hau zure ogibide bihurtu duzu gainera...
Orain dela urte bete, Ander Gartziandia bazkidearekin, estudio berri bat muntatu genuen, Eztiphoto Estudioa. Baina bertan gehienbat argazkilaritza soziala lantzen dugu. Argazkilaritza komertzialagoa, honetaz bizi al izateko, agian ez da ehunetik ehunean gustatzen zaidan argazkilaritza, baina hori lanbide guztietan gertatzen da. Dena den, nire pasioaz bizitzeko aukera dut behintzat eta hori baloratzekoa dut. Nire pasioa eta zaletasuna nire lanbide bilakatzea lortu dut. Oso gustura gaude.
Non daukazue estudioa?
Atsobakarren daukagu, Golf Plaza 4 behean.
Zer egiten duzue bertan?
Estudioko argazkiak egiten ditugu: modeloentzako liburu edo book-ak, ezkontzetako argazkiak eta batzuetan publizitaterako gauzak ere bai. Orain dela gutxi hasi gara, beraz oraindik gauza potoloak egiteko aukerarik ez dugu izan.
Nola hasi zinen argazkilaritza mundu honetan?
Manuel Lekuona kultur etxeko laborategian ikastaro bat egin zuten eta bertara apuntatu nintzen. Estudio txiki bat erretratuak egiten eta flash-a erabiltzen ikasteko, eta hor hasi nintzen hainbat arlo ikasten: argia nola neurtzen den, kameraren osagarriak, objektiboen ezaugarriak,...
Estudioa sortu baino lehen ere lanean ibili zinen argazkilari bezala, ezta?
Ofizialki aurreko urtean hasi nintzen, baina 24 urterekin lana utzi eta zortzi hilabetetarako Hego Amerikara joan nintzen erreportajeak egitera. Orduan erabaki nuen argazkilaritzatik bizi nahi nuela. Baina, aldi berean orduan ere konturatu nintzen erreportaje horietaz ezin nintzela bizi. Beraz argazkilaritza komertziala egitea erabaki nuen, eta lan honek denbora uzten didanean egitea erreportajeak, hau da, istorioak kontatzen dituzten irudiak, ez irudi solteak.
Latinoamerikan zein tokitan ibili zinen zortzi hilabete horietan?
Argentinan, Txilen, Bolibian eta Perun ibili nintzen. Bertatik bi erreportaje ekarri nituen.
Lehenengoa Argentinako krisialdiaren ondoren, fabrika errekuperatuei buruz. Fabrikak ixten ari ziren eta orduan, langileak eurak hartzen zituzten berriro martxan jartzeko, baina ugazabarik gabe.
Jokabide hau Errusian orain dela urte mordoa eman zen, baina berriro indarra hartzen ari zen mugimendua zen eta hori kontatu nahi nuen.
Bigarrena ekartzeko, marinel batzuekin ibili nintzen Txileko Artxipelago bati buruzko erreportajea egiten. Marinelak hango mitologia kontatu zidaten, oso esperientzia interesgarria eta aberasgarria izan zen. Erreportaje politak atera ziren eta berriro horrelako zerbait egin nahi nuke.
Orain dela urte bete ireki zenuten Eztiphoto, baina nola jaio zen proiektua?
Ander Gartziandia eta ni elkarrekin barneratu ginen argazkilaritzaren munduan.
Nik Diseinu Grafikoa ikasi nuen eta horretara bideratu nuen lana. Inprenta batean egon nintzen lanean, Ttakunen...
Anderrek Telekomunikazioa ikasi zuen eta bere esperientzia profesionala eduki zuen. Biok gure bizitza argazkilaritzari zuzendu nahi genuela ikusi eta estudio bat jartzea bururatu zitzaigun.
Argazkilaritzari buruz nahiko ikuspuntu berdina daukagunez, proiektu honetan barneratu ginen, eta momentuz ondo doakigu.
Estudioko argazkiek eta egunerokotasunekoek ba al daukate zerikusirik?
Ez. Estudiokoak planifikatuak, finkatuak eta bilatutakoak dira, besteak ez. Argazkiak normalean instintuz ateratzen dira, zerbait ikusi eta irudi hori gordetzeko grina jartzen zaizu.
Zu kamerarekin zoaz eta bat batean zure atentzioa erakartzen duen zerbait aurkitzen duzu eta ateratzen duzu. Gero etxera zoazenean ikusten duzu ondo dagoen ala ez. Baina argazkiak momentu batean eta instintuz ateratzen dira.
Zure artxiboak handia izan behar du...
Ikaragarria. Hasiera batean txuri beltzeko argazkiak eta diapositibak lantzen hasi nintzen eta horiek ez daukat kontatuak.
Kamera digitalak sortu zirenetik atera ditudanak ditut bakarrik kontrolatuak, eta gutxi gora behera hogei mila argazki izango ditut.
Digital munduak argazki ugari ateratzeko eta gordetzeko aukera ematen dizu. Badakit asko botatzeko direla, borratu egin beharko nituzke, baina hor daude.
Banan bana begiratzen hasi beharko nintzake, eta asko dira.