Abenduaren 26an jaso zuen Ane Labakak Errenteriako Kulturgunean egin zen bertso saioan herri honetako bertso-paper lehiaketako lehen saria, helduen mailako XXII. Zapirain Anaiak saria, alegia.
"Ametsen lengoaian" izenburua zuen bertso sortagatik 500 euro eta oroigarria jaso zituen Labakak. Gazteen mailako XII. Ibon Zabala bertsopaper lehiaketa, berriz, Maddi Ane Txoperena hendaiarraren "Euriaren hots amaigabea" bertso sortarentzat izan da eta, honek, 120 euro eta oroigarria jaso zituen.
Helduen Mailan, guztira, maila oneko 23 lan aurkeztu dira aurten, epaimahaiko Patxi Petrirena, Jose Luis Zabala eta Iker Goñik aitortu dutenez, batzuek bertsolari trebatuek bidaliak, gainera, eta guztien artean epai mahaiko hiru lagunen gustukoena Ane Labaka lasarteoriatarraren lana izan da.
Beste bi sari eman zituzten helduen maila honetan, hain juxtu, bertso paper lehiaketetan sarri sarituak izan diren Aitor Albistur eta Nikolas Zendoiari. Biak dira ezagunak bertso paper lehiaketetan parte hartzen dutelako. Aitor Albistur errenteriarrak jaso zuen bigarren saria, "Bizi artean hil" lanarengatik eta Nikolas Zendoia zarauztarrari accesit-a eman zioten, "Txoriak erruki" bertso sortarengatik.
Ane Labakak oso gaztetxoa zenetik idazten ditu bertso sortak eta haur zein gazteen mailako hainbat lehiaketa irabazi ditu azken urteotan, esaterako Errenterian bertan Ibon Zabalaren omenez egiten den sariketa honetan hiru aldiz jarraian nagusitu zen gazteen mailan. Dena den, helduen mailako lehen saria du lasarteoriatarrak eta poz berezia hartu zuen saria eskuratuko zuela jakinarazi ziotenean.