Lasarte-Oriako Udalak Gabonetako ekintzen irakurketa positiboa egin du

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 10a

Gabonak amaitu dira eta Lasarte-Oriako alkateak, Jesus Zaballosek egun berezi hauetan burutu diren ekintzen errepasoa egin du.
Alkatearen hitzetan, “gabonetako giro beroarekin bete nahi izan ditugu udalerriko kaleak eta horretarako argiteria egon da”.
Apaingarrien aldaketa “inguru ahalik eta erakargarriena lortzeko” egon dela eta energia aurreztea “kontsumo baxuko LED bonbillekin” helburu izan dela ere aipatzen du.

Eguberriak baino lehen

Egun berezi hauetarako motorrak berotzeko, 100m² izeneko antzerki lana eta Alboka, Musika Eskola eta Musike Tekneren kontzertuak egon zirela aipatzen du alkateak bere hausnarketan.
Gabonetako Jardunaldiei buruz, gainera, horrela mintzo da alkatea, “horietan gauza interesgarri eta erabilgarriak ikasteko aukera izan duzue”.
Eta Emakumeen Zentro Zibikoan egindako ekintzei buruz ere, merienda eta mahai zentro ikastaroa, hitz egiten du Zaballosek.

Haur Parkea

Hausnarketa honetan, Gabonetako Haur Parkea arrakasta gehien izan duen ekintza dela nabarmentzen du. Izan ere, 8.300 bisita baino gehiago izan ditu irekita egon den egunetan.
“Parte hartze maila altua da kontuan izanda egun gutxiagotan irekita egon dela eta 2009an bertaratutakoen zifra berdindu dela,” azaltzen du alkateak. Gainera, erabiltzaileen %92 herritarrak izan direla ere jakin arazten du.
Era berean, sarrera txanda ezberdinetan banatu dela gogora arazten du, “ilara luzeak ez sortzeko eta haur guztiek sartzeko aukera izateko”.

Erregeen kabalgata

Jardueren amaiera gisa, ohiko Erregeen Kabalgata aipatzen du, “Kabalgataren Lagunen Elkarteak (MEGABA) antolatuta Udalaren laguntzarekin”.
Eta aurtengo berrikuntza azpimarratzen du, ibilbidea Hipodromo Etorbidetik eta Pablo Mutiozabal kaletik igaro baita.
Honetaz gain, Kabalgatan zuziak eraman dituzten taldeak, hala nola, Zentro Zibikoko emakumek edo Zumaburuko Pastoraleko boluntarioak ere aipatzen ditu.
Azkenik, alkateak eskerrak ematen dizkie, “bai jardueretan parte hartu duten pertsona guztiei eta baita horiek posible egin dituztenei” eta Lasarte-Oriako herritarrei 2011 zoriontsua opa die.