Iñaki Galdos Buruntzaldeko kirol arduradunekin bildu zen

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 13a

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako eta Kanpo Ekintzako Departamentuaren diputatua den Iñaki Galdos, Buruntzaldeko kirol arduradunekin bildu zen asteazkenean, Lasarte-Orian.
Bilera hau Foru Aldundiak martxan duen Gipuzkoa Eraikitzen izeneko ekimenaren barru dago eta Iñaki Galdosek azaldu zuen bezala, “hiru helburu ditu; bata hiru urte hauetan Foru Aldundiaren kudeaketa nolakoa izan den azaltzea, bestea herritarren partehartzea sustatzea eta azkenik, kirolaren arloan ematen diren estrategia lerroak, azpiegitura lanak eta laguntzak azaltzea.”

Herritarren iritzia biltzen

Sektoreka egiten diren bilerak dira hauek eta hauei esker, herritarren iritzia, proposamenak eta kexak entzun zituen Galdosek.
Esate baterako, Lasarte-Oria Kirol Elkarteko arduradunek 6-7 urteko neska-mutilek judoko eta gimnastikako entrenamendurik ezin dutela egin adierazi zuten, "kiroldegiko arduradunek horretarako baimenik ematen ez digulako" eta Ostadar Kirol Fundazioko areto-futboleko arduradunak ere kexu azaldu ziren Lasarte-Oriako Udalak eraiki berri duen areto-futbol zelai estaliarekin, "sinesgaitza dirudi, baina euria egiten duenean ezin da pista erabili ura sartzen delako".

Krisia

Krisia ere izan zuten hizpide. Elkarteetako ordezkariek babesleen eta laguntzaileen diru-laguntzen beherakada izugarri nozitu dutela nabarmendu zuten, eta "oso kezkatuta" daudela jakinarazi zioten diputatuari. Galdosek kezka konpartitua dela esan zuen, eta 2011n Foru Aldunditik klubek eta federazioak jasoko dituzten diru-laguntzak 2010ean jasotakoen parekoak izango direla aurreratu zuen, “Gipuzkoan esfortzu hori egingo dugu.”
Lasarte-Orian obrarik ez
Honetaz gain, prentsari eskainitako tartean, Iñaki Galdos azpiegiturei buruz mintzo zen, “Lasarte-Orian ez dago legealdi honetan obrarik; orain Andoaingo futbol zelaian eta Usurbilgo kiroldegian gaude lanean.”