Egoera larria
2010 urteko urrian, azken urteetako erreprimitzearen atalik gogorrenetarikoa bizi izan zen.
Saharar Herriaren Lagunak taldeak, gatazka honen aurrean Marokok izan duen jarrera salatu du: “Marokok indarkeria osoz Duintasunaren protesta kanpamendua suntsitu zuen, eta jarraian osatu ziren manifestaldiak era basatian ebatzi zituen”.
“Gertakari horien ondorioz ehundaka atxilotu, desagertu eta hildakoak egon ziren. Bitartean harresiaren beste aldean, Argeliaren lurretan, milaka errefuxiatuk basamortuan jarraitzen dute egoera tamalgarrian. Baldintza gogorrei aurre eginez: desnutrizioa jasaten ari dira, anemiak, beherako larriak...” gaineratu dute.
Euskal karabana
Honela, Tindufen errefuxiatuta dauden saharrarrei behar dituzten elikagaiak, arroza, azukrea, lekadunak, sardinak, atunak eta konpresak eramateko eta jasaten ari diren krisi honi aurre egin ahal izateko, urtero bezala, Saharar Herriaren Lagunak elkarteak martxan jarri du VII. Sahararen aldeko Euskal karabana.
Ekimen honetan parte hartu nahi baduzue bi modu daude, batetik 3035 0080 94 0800054177 kontuan dirua ematea eta bestetik elikagai bilketan harritxoa jartzea.
Horretarako, Kanpainan parte hartu nahi dutenek, herriko ikastetxeetan eta supermerkatuetan elikagaiak uzteko edukiontziak aurkituko dituzte. Bilketa hilaren 29an, Urbil merkatal gunean amaituko dute.