Irakurketa hunkigarria

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 14a

Larunbatean, Euskal presoen eskubideen alde Bilbon egin zen manifestazioari aurre hartuz, ostiralean, urtarrilaren 7an, Lasarte-Orian presoen hitza izan zen protagonista, Xirimiri elkartean.
Musika, kantua, dantza,... lagun, Lasarte-Oriako, zein beste herrietako preso politikoen poesia, eskutitz eta bertsoak entzun zituzten Xirimiri bete zuten herritarrek.
Ekitaldi hunkigarri eta berezi honekin, Eguberrietan senide eta lagunek antolatutako ekimenei, hala nola, abenduaren 24ko brindisa eta abenduaren 31ko manifestazioa, amaiera eman zieten.
Ekimen hauek guztiak, herriko preso politikoek beste urte bete kartzelan eman dutela gogoratu eta hauek bizi duten egoera salatzeko egin dituzte.

Hitza nagusi

“Harresi guztien gainetik, sarraila guztien azpitik” ekitaldi intimista izan zen. Honetan, senideek, bertsolariek eta herritarrek presoek bidalitako olerki, eskutitza eta bertsoak irakurri zituzten.
Eta hauen hitzak ulertu eta barneratzeko herriko musikari, abeslari edo dantzarien laguntza eta irudi, hots eta argi jokoak erabili ziren.
Era berean, azken bi urteetan herrian, zein Euskal herrian gertatutako berrien laburpena ikusi eta preso politikoen egoeraren berri eman zen.
Ekitaldiaren amaierako txalo zaparrada baino lehen, ikusleak ere kantuan jarri zituzten.
Baina kartzelatik idatzitako presoen hitzak ez ezik, margoak ere iritsi ziren. Izan ere, Xirimiri elkartean Aginako Patxi Segurola, “Ximio”, presoaren lanen erakusketa txikia egon zen ikusgai.
Ekimena modu paregabean amaitzeko, parte hartzaile eta herritarrek bapo afaldu zuten Xirimiri elkartean.

Herrian presente

Ekimen honen bitartez, herritik urrun badauzkate ere herritarrekin lotura dutela eta herriko bizitzan presentzia dutela aditzera eman nahi dute antolatzaileek.
Gainera, aurreratu dutenez, irakurketa hau ez da ekintza isolatua izango. Kartzeletatik testu gehiago iristen diren heinean beste bertso, kontakizun eta olerki errezitaldiak burutuko dira.
Era honetara, tarteka ekitaldiak eginez, elkarren berri izateko bide horri bizirik eutsiko zaiola adierazi dute antolatzaileek.