Otsailaren 1etik aurrera Muxikoak ikastaroan parte hartzeko aukera izango dugu. Asmo zehatz batekin iritsi da ikastaroa “erromerietan dantzatzen diren dantza horiek ikasi, eta gero festetan begira geratu beharrean, plazan dantzatzera animatzeko” adierazi digute ikastaroaren antolatzaileek.
Ikastaro hau euskaraz izango da, izan ere dantza ikasteaz gain euskararen erabilera ere helburu baita “dantzan ikasi eta bertako harremanak euskaraz lantzeko aukera eskainiz”.
Guztientzako ikastaroa
Adin mugarik gabeko ikastaroa da. Programa zehatz bat edukiko ez duena “jendearen eskakizun eta erritmoaren arabera antolatuko dugu” dio Egizabal irakasleak. Helburu zehatza dute antolatzaileek, jendeak ondo pasatzea eta disfrutatzea “eta dantzan ikasten badute askoz hobe”. Ikastaro honi esker “jai herrikoietan bazkal ondoren edo plazetan antolatzen diren dantzaldietan partaideak bertan parte hartu ahal izango du” dio Egizabalek.
Euskaraz bizi
Euskaraz aritu eta dantzaren ezagutza zabaltzea dute xedea. Gainera, hurbiletik ezagutzeko “irteerak ditugu pentsatuak bai dantzatzera joateko eta baita ikustera joatekoak ere” diote Ttakunetik.
Plazan mende hasieran aurkitzen genuen espiritu hori ekarri eta berreskuratu nahi da ikastaro honekin. Ez galdu aukera eta urtarrilaren 28a baino lehen Ttakun Elkartetik pasa eta izena eman.