15_Erleak jaten dituzten liztor erraldoiak hurbildu dira

jon-altuna 2011ko urtarrilaren 15a

Lasarte- Oriako erlezaleak erne dira inguruan Asiako liztorrak dabiltzala zabaldu denetik. Julian Urkiola Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko presidenteak azaldu digunez, udan konturatu ziren liztorrak zebiltzala. Antonio Eleizegik Saltzate baserriaren inguruan udan sumatu zituen arren, ez dago horren kezkatuta, momentuz beste eraso batzuei aurre egin behar izaten die eta. Barroa, Asiako erleen berezko akaro edo xomorroa, duela hogei urte baino gehiago iritsi zen Euskal Herrira eta tratamendu berezi bat eskatzen du. Eta batez ere sagarren harraren aurka erabiltzen diren intsektiziden erabilera salatu du: Intsektizidak ekainean botatzen dituzte, erle gehien dagoenean, eta egun batean bi mila erleko galera ere izan du.

Kabia Lasarte-Orian
Julian Urkiola berak eman digu Asiako liztorren berri. Berak jaitsi zuen Donostiako suhiltzaileen laguntzarekin Lasarte-Orian aurkitu duten liztorren kabi erraldoia. "Liztorra, hiru bat zentimetrokoa da, eta erreginek lauzpabost zentimetro dituzte. Zomorro handia da. Akitaniatik dator. Han duela bost urte detektatu zutela esaten dute eta jada Akitania osoa hartu du, ipar Euskal Herria ere bai". Adurizko tuneletik gertu urtarrilaren 15ean jaso zuten habia handia zen, 1,65 metroko diametroa zuen eta hutsik bazegoen ere 1.500-4.000 liztor inguruk erabili zutela uste dute.