“Artzain eta baserritarrekin harremana izan da politena”

jon-altuna 2011ko urtarrilaren 17a

Juan Mari Ansak “Las Malloas de Aralar” liburu mardula argitaratu du. 500 orrialdetan batetik Aralar mendikatearen parte honetako 17 ibilbide prestatu ditu bere mapa, toponimia guztia eta argazkiekin, eta bestalde, Malloen inguruko 25 istorio edo kontakizun ere bai. Euskaraz eta gazteleraz argitaratu da liburua, Aralarko pertsonaia eta kontu hauek ilustratzeko Ansa berak egindako koloretako argazki ederrak eta argazki zaharrak erabili ditu, Jesus Elosegi tolosarrak aurreko mendean, duela 80 bat urte, ateratako zuri beltzeko argazkiak. Liburuak DVD bat ere badakar, ibilbideei buruzko informazio guztiarekin.

Aralarko adiskideak” elkarteak 2002an 75 urte betetzean argitaratu nahi zuen aldizkari modukoa izan zen “Las Malloas de Aralar” liburuaren abiapuntua: Juan Mari Ansa eta beste lauzpabost pertsonari artikulutxoak eskatu zieten: “Malloei buruzko mendi ibilbide bat idatzi behar nuen, baina alde batetik besteek huts egin zutelako, eta bestetik nik zenbat eta gehiago sakondu, gauza gehiago bilatzen nituenez, esan nien, “hau artikulu bat baino liburu bat bihurtuko da, noiz ez dakit baina”. Horrela azken lau edo bost urtean ibili gara “ea hurrengo urtean bukatu eta argitaratzen dugun” esanaz. Baina ezin”. Azkenean aurten argitaratu dute eta 1.500 aleak segituan agortu dira.

500 orrialdetako liburua egiteko ematen al du Aralarrek?
Ez genuen uste hasieran baina, bai. Nire asmoa, ibilbide batzuek egitea zen. Hauek prestatzeko, toponimia aldetik interes handia nuen eta baserrietara joaten nintzen. Mendien izena eta ibilbidea nahi nuen, baina beraiek kontu kontari hasten ziren, eta pentsatzen nuen, “hori nola ez dugu ba jarriko?” Menditik hasi eta kultur arlora joan naiz. Historia irakasten dut eskolan, interesatzen zait, eta pentsatu nuen: “ibilbide bakoitzari istorio bat lotuko diot”. Baina azkenean ibilbideak baino askoz istorio gehiago ateratzen ziren eta bereiztea erabaki genuen, ibilbideak alde batetik eta kontuak bestetik. Egokitu egin gara geneukan materialari.

Beraz, oraindik egongo da non ikertua?
Ibilbideen aldetik nahiko lan sakona da, jaso ez dudan bideren bat agian egongo bada ere. Belarra menditik jaisteko kableen bilketa eta azterketa zabala ere egin dut, baina nik uste, hasiera besterik ez dela. Oraindik soka luzea dauka. Artxiboetan begiratzen hasiz gero, agian gauza asko azalduko lirateke, baina menditik alde egitea izango zen eta ez dut egin. Dena den, kableak muntatzeko eskaera Udalean egiten zen eta beraz, jakin daiteke konkretuki zein urtetan eta zeintzuk jarri zituzten,... Nik uste, bertakoek liburu bat egin dezaketela bakarrik gai honekin. Hau, aurrerapen bat besterik ez da.

Zein lotura zenuen zuk Aralarrekin?
Inguruari buruzko beste liburu batzuek ere eginak ditut, eta 2003ko maiatzean, sortu berria zen Euskal Herria aldizkariaren 3. zenbakian argitaratzeko Aralarri buruzko monografiko bat egin nuen. Horietako ibilbide bat Irumugarrietatik Balerdira bitartekoa zen Malloetan, eta horretan oinarrituz ibilbidea egitea zen hasierako asmoa.
Jendeak erdiko Aralar ezagutzen du, Amezketatik eta Larraitzetik edo bestela Goardaetxetik sartuta, eta bi alboak, ekialde eta mendebaldea, baztertuagoak daude: hor daude, alde batetik Ataungo mendiak eta bestetik Malloak.

Duela bederatzi urte hasi zinen musu truk lanean, borondatezko lan handia izan da, baina esker onekoa ere bai, ezta?
Bai, bestela ez nuke egingo. Izugarrizko lana izan da baina gozatu egin dut. Aralarko adiskideak, mendi elkarte bat da, ez dauka dirua ateratzeko asmorik, eta akordioa erraza izan zen: “Nik ez dizuet ezer kobratuko eta diru guztia, liburuaren kalitatean gastatuko dugu. Egin behar bada egin dezagun ondo” esan nien.

Konforme geratu al zara?
Bai oso konforme. Ez didate eragozpen bat ere jarri.

Aralarko artzainak izan dituzu iturri nagusia, ezta? Nolako hartu-emana izan duzue?
Politena hori da, artzain eta baserritarrekin harremana. Bi mundu diferente dira, kaletarrok mendira joaten gara eta aldiz beraientzat Malloetan bizitza beste zerbait da. Aralar da beraien mundua, arazo guztiak Aralarren konpondu behar zituzten, artzainen txabolak beraien palazioak dira. Han bizi dira, Aralar dena da.
Askotan esaten zuten, nahiz eta lan asko eduki, oporra ez, baina liberazioa bazela udara. Gora igo eta beraien erreinuan zeudela sentitzen zuten, “hau da gure eremua”.
Dena kontatzen zidaten. Hainbat gauza liburuan kontatu ezin direnak ere bai. Hasieran kostata, badakizu nolakoak diren baserritarrak, distantziak mantenduz, baina pixkanaka, ibilbideko toki bat edo besterengatik galdetu, hemendik igo, handik jaitsi, honekin lotu,... eta handik bost minutura “zuk nik baino gehiago dakizu” beraiek. Orduan jada, ardo botila atera eta “gazta pixka bat jango duzu”. Eta gaueko bederatzietan “joan hadi, afaldu egin behar diagu eta”. Gozamen bat izan da.

17 ibilbide proposatu dituzu, nolakoak dira oro har?
13 herrietatik goiko lepoetara igotzeko bideak dira. Denak desberdinak. Beste lau bereziak dira: 14. oso berezia, Balerdiko arista edo ertza da, igotzen ohituak daudenentzat. Bi albotara izugarrizko amildegia ikusten da gainera. 15. dena gainez gain, gorabehera handikoa da, 7-8 ordukoa. 16. da originalena, eta seinaleak jarriz gero, oso polita izango zena: beraiek ezagutzen dituzten Malloak, hau da, belazeak lotzen ditu, ez goitik, ez azpitik, dena 1000-1050 metroko altuera ingurutik. Bidean balkoi oso politak eta ikusgarriak daude. Azkena, ixteko, Malloak atzetik: Amezketatik Igaratzara igotzen den bide normaletik abiatuta beste alderaino.

Ez dira bide erosoak, ezta?
Bizpahiru bide dira erraz xamarrak, beste guztiak ez. Alde batetik desnibelarengatik, herriak 200-300 metrotan daude eta gailurrak, 1.400ean, beraz mila metrotik gorako desnibela dago, aldapa handia eta amildegiak; bide pila bat daude, baina ezagutzen ez badituzu, ez dituzu ikusiko edota han biderik ez dagoela irudituko zaizu. Horregatik esaten dut hasieran komeni dela noizbait ibili den batekin joatea ikasteko. Bestetik, gorakoan jaitsieran baino hobeto ikusten dira bideak. Balkoietan askotan pentsatzen duzu “eta orain nola jaitsiko naiz?”. Jaitsi izan ditut han erdi galdurik zirenak. “Hemendik, ez zirudien ba biderik zegoenik” zioten. Jakin egin behar.

Zailtasun horrek erakargarri egiten al ditu bideak?
Nik bakoitzari, bere zailtasuna jarri diot, 1etik 5era, nire iritziaren arabera. Batzuetan oso zaila dela edo debekatua dagoela esateak erakargarri bihurtzen du eta Balerdiko paretarekin hori gertatzen da. Ikusi eta ezinezkoa dirudi eta batzuek horregatik sartzen dira. Ezin da debekatu, baina nik ez sartzeko aholkatzen dut. Artzainek edo Azkaraten bizi direnek esaten dizute hor ez ibiltzeko. Kontatzen ditut sartu eta larri ibili direnen zenbait istorio. Bazen hor Lizarbakar izeneko lekua, eta baserritar batek sozietatean esaten omen zuen, nik egunen baten aizkorarekin igo eta bota egingo dut lizarra. Ezetz, baietz,... Joan zen, arbola zen lekuraino iritsi eta bota zuen. Bi metro beherago geratu zitzaion eta jaitsi zen bultzatzera, bultzatu eta dinbi-danba mendiaren beheraino nola joan zen entzun zuen. Erorketa eta soinuak zeharo beldurtu omen zuen: “etorri, etorri nauk, baina ea nola itzultzen naizen”. Bueltan gorriak pasa zituen. Jaitsi eta hara joateko gogoa betirako kendu zitzaion. “Ez nauzue berriz hor ikusiko”. Balerdiko pareta tranpa bat da: Goitik ez dago irteerarik, irtenbide bakarra eskumako saihetsean da edo bestela igotakoa jaitsi behar. Igotzen hasi eta konturatzen zarenerako,... altuera dagoenean, ohituta ez bazaude, estutasunak etortzen dira.

Ba al da ibilbideren bat erakargarri edo gomendagarria? Malloen erditik doana, agian?
Orain arte egin ez dena hori da, nobedadea. Gainetik doana oso ezaguna da eta. Niri, dena den, Errazkindik Tuturrera igotzen dena gustatzen zait. Eta Intzatik Tuturrera igotzen dena ere bai.

Artzain bideak al dira?
Artzain bideak bidezidorrak dira, lotura egiten duten bideak eta horiek dira gehienbat galtzen ari direnak. Saiatu naiz Pirinioetan egiten den bezala pixka bat, ez asko, cairn, hito edo harri multzotxoak jartzen, bidea handik dela adierazteko.

Norekin joaten zara?
Emaztearekin, lagunekin,... gainera askotan eskatzen diet argazkietarako arropa koloreduna ekartzeko.

Argazkiak ere zureak dira, ezta?
Horrek ere bere lana du. Alde batetik bila joan behar duzulako. Edozein unek ez du balio. Malloak ekialdea izanik, argazkiak ateratzeko goiz partean izan behar du eguzkiak jotzen duenean. Arratsaldean jada dena itzalean gelditzen da, ezkutatuta.

Eta zein da bertara joateko garai onena?
Dudarik gabe udaberria. Alde batetik neguan ezta bururatu ere, elurra baldin bada oso arriskutsua da, malda oso handiak dira eta belar gainekoa pixka bat mugituz gero, dena joaten da behera. Bustia baldin badago ere, kontu itsusia da.
Udaberrian, belarra motz motza izaten da, ia erabiltzen ez diren bideetan ere aztarnak ikusten dira. Gero, ekainetik aurrera, behin belarra hazten denean, tapatu egiten dira eta bidea ezin bilatu ibiltzen dira asko.

Ardirik ba al da goian?
Bai, 10.000 buru inguru. Ardiak ez dira arazo. Artzaintza erabat aldatu da, bukaerako hausnarketa batean jartzen dut: lehen artzainak egun osoan egoten ziren ardiekin, beraiekin bizi ziren. Orain arratsaldeko 5etan igotzen dira land roverrean, ikusi, bildu,... ez dira jada bordetan lo gelditzen. Beste era bateko artzaintza da. XX. mendean bezala bizitzeko ezin diegu eskatu kaletarrok beraiei. Gainera ardirik ez balego mendia asko itxiko litzateke. Ez zen orain ikusten ditugun zelairik izango. Malloetan belarra mozteari utzi zitzaionetik 1966-67an, asko itxi dira, bai bideak, erabiltzen ez direlako, eta baita belardiak ere. Hori galdu egin da, baina zein joango da mila metrora segarekin gaur egun? Baserri inguruko zelai eta soroak arto, patata,... edo beste edozein janari lortzeko erabiltzen zituzten, eta belar bila gora jo behar.

Eta artzain gazterik ba al dago?
Oso zaharrak dira. Informazioa zaharrek bakarrik dute gainera. 70 urtetik gorakoak beti bizi izan dira Aralarri begira. Herrian bizi ziren baina mendira begira. Hurrengo belaunaldikoek kalera begiratu dute. Ezagutza aldetik saltoa dago. Gehienek fabrikatara jo zuten lana egitera. Iruñeara eta Donostiara, edota Andoain, Lasarte, Lekunberri edo ingurura. Etena hor izan zen. Horiek Malloei buruz ez dakite ezta erdia ere. Beraz zaharra, burua ondo daukana eta bista ere ondo daukana behar genuen, maparako izenak jaso ahal izateko. Mendira ezin zara jada beraiekin igo eta argazkiak erakusten nizkien. Beraiek Malloetaz hitz egiten gozatu egiten dute. Gure ikuspuntutik oso gogorra zen Malloetako lana eta bizitza hori, baina beraientzat oso normala izan da, besterik ez dute ezagutu eta, kirolean bezala, gogortasunak ematen duen poz edo satisfazioarekin.

Istorio asko jaso dituzu liburuan, kontatuko al didazu gustuko duzun bat...
Artzainek pilotan, korrika edo harriak jasotzen pasatzen zuten denbora librea eta kuriosoa da harri horiek han daudela oraindik. Hori zen beraien dibertsioa.
Beste kontu polit bat, elurretan edo bustia zegoenean malda handietan ibiltzeko artzainek egiten zituzten kranpoiak dira, zildaiak deitzen zieten: konponbidea beraiek bilatu behar eta beraiek egiten zituzten hurritzarekin, ilbeheran moztu, bihurritu eta 15 zentimetroko uztai moduko batzuek egiten zituzten, abarken gainetik hankatan sartzeko. Oparitu zizkidaten, etxean dauzkat eta berri-berriak daude: 50 urte izango dituzte eta ez dira usteldu. Ez da magia soila, ilbeheran mozteak eta horrelako ohiturek badute zerbait.

Eta liburuaren parte handi bat belarra jaisteko kableei buruzkoa da, ezta?
Beraientzat kableena da bereziena, nortasun desberdina ematen die. 1923-1924an hasi ziren lehenengoak jartzen. Gerra aurretik, 1930-1936 tartean, asko jarri ziren, gero, gerra ostean, jarri baino gehiago egokitu egin ziren eta 1967an erabili zituzten azkenengo aldiz. Lehenago sortak bizkarrean hartu eta kargalekuetaraino jaisten zituzten. Hauetatik mandoan jaisten zituzten bina sorta edo kargaleku hauetako batzuetara gurdi bidea iristen bazen, gurdian sei sorta. Sorta bakoitzak, belar lehorrarena bazen 40 kilo pisatzen zituen eta belar berdea bazen 80. Beraz, beraiek esaten dute, kablearena bertan gizona ilargira iristea baino aurrerapen handiagoa izan zela. Izugarrizkoa. Bi minututan beheraino. Gerora asmatu zuten sortak ganbara bertaraino sartzeko modua, kablea ganbararaino lotuz. Hala ere, burdinazko kableak dira eta tximistak joz gero, baserria erretzeko arriskua zegoen. Gaintzako baserri batean aitona zaharrari esan zioten nola jarri behar zuten zuzenean ganbarara sartzen zirela. Berak ezetz eta atean jarri omen zen, baina sorta aitona eta bere txapela sartu ziren barrura.

Ikusi al duzu?
Nik Ataunen ikusia dut. Ama dut Ataungoa. Hemen ez dut ikusi baina esaten dutenez politenak arratsalde iluntzean azkenengo sortak dira, zeren soinuarekin batera txinpartak ere ikusten zirelako: kablean belar sortak lotzeko txirrikak berotu eta txinpartak ateratzen zituzten.

Behin edo behin sortaren baten su hartu ere bai agian?
Ez dute hori kontatzen, baina txirrikarekin eskuak erre bai, bero bero egoten dira eta.

Zuri beltzeko argazki ederrak argitaratu dituzue,...
Jesus Elosegiren argazkiak izugarrizko altxorra dira. Txapel egileen sendikoa, 1930 inguruan Azkaratera joaten ziren oporretan, toponimia jaso eta argazkiak atera zituen, oso argazkilari ona zen gainera. Hiltzerakoan Lazkaoko Beneditarren artxiboan utzi zituen, baimena lortu genuen eta bi arratsalde pasa genituen, milaka argazki artean ehun eta piku aukeratu eta eskanerretik pasatzen. Istorioetarako oso ondo etorri dira.

Toponimia jasotzeko ere lan handia egin duzu...
Jesus Elosegik 5.000 inguru izen jasota zituen, baina kokatu gabe, zerrenda horiek hartu eta bakoitza bere leku konkretuan jarri dut. Eta agertzen ez zen izenen bat edo beste ere aurkitu dut.

Norentzat egin duzu liburua?
Niretzako, je, je. Egia esan, liburuaren ikuspegia aldatu egin dut nik neuk ere. Hasieran mendizaleentzat ibilbideak ziren, baina istorioetan murgildu nintzen gero, bertako baserritarrek zer kontatzen zuten ikusi, eta zuri beltzeko argazkien altxor hori lortu nuenean. Beraz, iruditzen zait liburua mendizaleentzat baino ez ote dudan egin Araitz bailarako baserritarrentzat. Liburuaz gehien disfrutatzen ari direnak beraiek dira, euren historia erakusten duzulako. Orain lagundu didatenei liburua oparitzen ari naiz eta batek esan zidan: “300-600 euro emanda ere ez nuke oparia hain gustura hartuko”. Beraientzat bere historia da liburua. Beraz galderari erantzunez, hasi nintzen mendizaleentzat eta bukatu dut bertakoentzat egiten.

Eta orain, liburua argitaratuta, beste zein proiektu daukazu?
Malloetakoa hemen bukatzen da. Aurkezpen egunean bertako alkateei esan nien, erronkak badituztela. Alde batetik Araitz bailaran ere modernizatu behar dute, baina beste aldetik izan dutena eta bere nortasun hori ezin dute galdu. Beraz batetik galtzen ari diren bide horiek guztiak dauzkate, jendea joan eta inguru horietan ibiltzea nahi badute markatu egin behar dituzte. Eta bestetik, belar kableena bertako ikurrik handiena denez, Erronkarin, Burgin almadiazainen eguna ospatzen duten bezala, hemen, zergatik ez, kableetako bi konpondu eta Belar-kableen Eguna egitea, uztaila edo abuztuan. Belar sorta batzuek bidali goitik behera eta jendea erakarriko luke. Nik bi erronka horiek bota nizkien,baina hori beraien esku dago. Nik nire lana egina daukat.