Lasarte-Orian jaio zen 1969an Javier Olaizola. Herrian futbolari bezala hezi ondoren, garaiko Michelin futbol taldean, Eibarrera, Tolosara, Burgosera eta azkenean Mallorcara joan zen bertan futbolari profesionaleko bizitza bukatuz. Egun, Ostadar K.F. dago futbol eskolako entrenatzaile gisa.
Noiz hasi zinen kirol hau praktikatzen?
Michelin taldean hasi nintzenean, existitzen zenean. Alebinetan Añorgan egon nintzen, baina infantiletatik jubenilak bitartean herrian jokatu nuen. 18 urterekin soldaduska egin behar izan nuen, eta urte betez geldirik egon nintzen. Izan ere, soldaduskan zegoen agintari batek ez zidan Mirandesekin entrenatzera joaten utzi.
Eta soldaduska eta gero?
Zerbitzu militarra amaitu nuenean Tolosan egon nintzen eta gero Eibarren. Bertatik, lehenengo mailan zegoen Burgos taldera joan nintzen, baina arazo ekonomiko handiak zituen eta berriro Eibarrera bueltatu nintzen. 95-96 denboraldian Mallorcak fitxatu ninduen eta hara joan nintzen. 9 urtez jardun dut bertan futbolari, lehenengo mailan, 2003-2004 denboraldian erretiratu nintzen arte.
Futbolari profesionalaren bizitza amaitu eta zer...
Bizitza erabat aldatu zitzaidan, gainera lesionatuta bukatu nuen. Egoera oso gogorra da. Ohituta zaude ordutegi finko batera. Asteburuetan kanpoan jokatzen baduzu bidaiatu behar duzu, eta etxean jokatuta ere kontzentratua zaude. Ohitura estriktoak daude futbolari profesional batentzako.
Nola planteatu zenuen bizitza hortik aurrera?
24 ordu pentsatzeko, obligazio gabekoak nituen, baina zorionez zortea izan nuen eta futbolari bezala amaitu eta berehala bertako telebista lokal batek kolaboratzaile gisa jardutea eskaini zidan. Hala ere, bizitza aldaketa izugarria izan zen, ordutegiak apurtuak baitaude.
Momentu zailak dira futbolari batentzako, zure disziplina eratu behar duzu. Obligazioak eratu behar dituzu. Herrira bueltatu nintzenean, nire seme-alabak egunero eskolara eramateko erabakia hartu nuen, horrela, altxatzera behartuz.
Nolakoa da lehenengo mailako jokalari baten bizitza?
Lehenik eta behin gizaki arruntak gara, baina bizipen espezialekin. Bizitza profesionala markatzen du zure egunerokotasuna, diru asko dago barnetik eta hori beti buruan duzu.
Ekonomikoki pribilegio batzuk dituzu, baina kontran zure bizitza mugatuta duzu.
Futbolarari heldutasun maila lehenenago iristen zaio?
Bai, eragile askorengatik. Gaztaroa murrizten da eta lehenago heltzen zara. Esate batera diru asko irabazten hasten zaren neurrian, pertsonalitate definitu bat ez baldin badaukazu okertu egin zaitezke, eta hori kirolari askorengan eragina izan duen fenomenoa izan da.
Nola izan zen Mallorcan bizitzea?
Bertan 9 urte egon nintzen jokalari profesional bezala eta ia beste 4 bestelako lanak egiten. Nire bizitza han ikaragarria izan da. Hiri zoragarria da Palma de Mallorca, gainera Mallorca taldean ni egon nintzen urte horietan urte zorionekoak izan ziren. Champions-a jokatu genuen, Europako Kopa, Superkopako garaileak izan ginen... Jarraitzaile askok idolatratu egin gintuzten. Jende guztiari gomendatzen diot Mallorca.
Futbolari profesional bezala amaitu duzu, baina zure bizitza futbol munduan ikusten duzu?
Lagunak izan ditut futbolean aritu eta ikasteko kapazak izan direnak, sakrifizio handia egin zutenak, baina nik B.B.B-ko (Balioanizdun Batxilergo Bateratua) hirugarren maila arte ikasi nuen, gero utzi egin nuen. Beraz, bizitza guztia daramat futbol munduan eta bertan jarraitzea gustatuko litzaidake.
Entrenatzaile titulua ere atera duzu, ez?
2005eko ekainean 8 urtez futbolari profesional bezala aritutakoei, 5 aldiz internazional absolutuak izandakoei eta txapeldun olinpikoei entrenatzaile izateko kurtsoa egiteko aukera eman ziguten. Eta proiketu horretan murgildu nintzen.
Guardiola, Luis Enrique, Alkorta, Julio Salinas... izan ziren nirekin batera titulua atera zuten beste jokalari ohiak adibidez.
Ostadarrekoaz gain beste talderen bat entrenatu duzu?
Bai. Titulua atera eta Mallorcak deitu zidan azpiko kategorietan entranatzaile gisa aritzeko, urte bete egon nintzen. Eta ondoren futbol base guztiaren koordinatzaile izan nintzen Lasarte-Oriara bueltatu arte.
Eta zergatik bueltatu zinen Lasarte-Oriara?
Mallorcan nire bizitza profesionala nuen, baina hemen herrian bizitza pertsonala. Nire bi seme-alaba hemen bizi dira, eta ez nuen bere heziketa galdu nahi. Bizitza profesional eta pertsonalaren artean erabaki behar izan nuen, eta aita izatea erabaki nuen.
Hona etorri eta zertan aritu zinen? Nola sartu zinen Ostadarren?
Hona iritsi eta Antiguoko taldeko entrenatzaile izan nintzen, ondoren Realean Badiola zegoen garaian urte bete egon nintzen entrenatzaile gisa.
Nire semea Ostadarren hasi zen jolasten, eta niri laguntza eskatu zidaten kirol taldetik, eta ez nuen dudarik izan, proiektuan barneratu nintzen.
Lasarte-Oriako futbol basean zaudela nola ikusten dituzu generazio berriak?
Gure generazioa eta egungoa ez dauka zerikusirik. Egungo gazteak bizitza geldikorrera ohitutak daude; ordenagailuak, kontsola... eta gu kalean ibiltzen ginen futbolean, edozertan jokatzen. Hezkuntza moldeak aldatu dira. Lehen gurasoak ez ziren hain babesleak, bizitzak berak gauzak erakusten zizkigun.
Baina honen harira nik uste dut Ostadar K.F lan ikaragarria egiten dabilela kirol mundua herrian ezartzeko. Harrituta nago eta atsegin handiz esaten dut, Ostadarren bilakaera ikusita. Herri hau kirolarekiko zuen ilusioa berpiztu dute, eta kirol ugari jarri dituzte martxan.
Ume asko daude kirola praktikatzen eta pozten nau.
Zerbait geratu zaizu egiteke futbolari profesional bezala?
Gipuzkoarra naizen heinean Realean jokatzea zen nire ilusioa, baina ezin izan zen ilusio hori egi bihurtu. Eskaintzak egin zizkidaten, baina azkenean Mallorcan geratu nintzen. Eta erabaki hori ez nuke aldatuko, gauza asko lortu ditut Mallorcan.