Batetik beraientzat espresuki antolatutako ikastaroa hasi du bertso eskolak aurreko astean. Karlos Aizpurua, Andoni Egaña eta Imanol Kamio izango dira irakasleak eta bestetik gutxienez lau saio egingo dituzte Gipuzkoako beste bertso eskola batzuekin hurrengo lau hilabetetan.
Hilero beste herri bati desafioa botatzeko asmoa du bertso eskolak eta lehenengo neurketa-saioa ostiral honetan gaueko 22:30ean burutuko dute Jalgi tabernan Zarauzko Motxian bertso eskolako ordezkarien aurka.
Lasarte-Oriako ordezkariak Beñat Iguaran, Unai Muñoa eta Zigor Iriondo izango dira eta Imanol Lizardik jarriko ditu gaiak.
Bestalde, herriko bertsolariek aurreko astean hasi zuten Gipuzkoako Txapelketan parte hartuko duten bertsolariek prestaketa ikastaroa.
Ikastaro sakona
Urtarrilaren 13an hasi eta maiatzean txapelketa hasi bitartean 12 saio egingo dituzte, zortzi Karlos Aizpurua, hainbat urtetan Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako eskoletako irakasle izan denarekin, bi Andoni Egañarekin, hauetako bat nahi duen ororentzat irekia, eta beste bi doinuak eta kantaera lantzeko Imanol Kamio musikariarekin.
Lasarte-Oriako bertso eskolara etortzen diren zortzi lagun ari dira txapelketa prestatzen; Zigor Iriondo, Andoni Otamendi, Unai Muñoa eta Ane Labaka herritarrak, eta baita beste lau bertsolari gazte ere: aspalditik bertso eskolara datorren Beñat Iguaran Amasakoa, eta Hernanikoan dabiltzan Asier Azpiroz zubietarra, Unai Gaztelumendi añorgatarra, eta Oier Iurramendi hernaniarra.
Zortziek gogoz ekin zioten lanari aurreko ostegunean Karlos Aizpuruarekin. Hainbat urtetan emaitza onekin iparraldeko bertsolarien maisu izan den Aizpurua oiartzuarrarekin bertsoak sortzeko elementu guztien azterketa egingo dute zortzi astetan. Hilero bi aldiz elkartuko dira ostegunetan arratsaldeko 18:00etan. Saio bakoitzak bizpahiru ordu iraungo du.
Andoni Egaña irakasle
Beste bina saio Andoni Egaña bertsolariarekin, hauetako bat nahi duen edonorentzat irekia, eta Imanol Kamio musikariarekin egingo dituzte.
Doinuen aukeraketa eta kantaera edo bertsogintzaren beste hainbat ertz lantzea ere interesgarria iruditzen zaio Ttakuneko bertso eskolari eta horregatik burutuko dira saio osagarri hauek.
Hainbat urtetan txapelketetan kontrariorik izan ez duen Egaña zarauztarrak asko du erakusteko eta bere mintzaldi-erakustaldietako bat nahi duenarentzat irekia izango da, hau da, eskola bat Gipuzkoako Txapelketan aterako diren bertsolarientzat prestatuko du eta bestea publikoa izango da.