Amiantoa kontrolpean izatea

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 17a

Ezker Batuak Udalerrian instalaturiko amiantoaren inbentario bat egin eta hondakinak era egokian kudea zitezen eskatzeko mozioa egin zuen ostegunean burutu zen udalbatzarrean eta momentu horretan zeuden alderdien babesa izan zuen proposamenak. Izan ere, PPko zinegotziak gai pertsonalengatik udalbatzarra utzi behar izan zuen.

Inbentarioa

Honen bitartez, herritarren, langileen eta ingurumenaren babesa bermatu nahi da.
Honela, Udalak Eusko Jaurlaritzari herriko udal azpiegituretan, ur-sarean, teilatuetan, industria guneetan edo baserrietan egon daitekeen amiantoa aurkitzeko azterketa eta honen identifikazioa egitea eskatzen du.
Era berean, Udalak Prebentzio Zerbitzuari eta OSALANi amiantoarekin lan egin eta horregatik ondorioak izan zitzaketen udaleko langile edo azpikontraten izenak emango dizkie, hauen osasunaren zaintza bermatzeko.
Honetaz gain, Udalak amiantoa duten instalazioen mantentze eta konpontze lanak indarrean dagoen araudia jarraituz egingo ditu.
Eta udal zerbitzuek jazarpena egingo dute herrian dauden amianto kentze ilegal edo hondakinen kontrol gabeko botatzeak antzemateko.

Eranskina

Mozio horri Ezker Abertzaleko zinegotziek, lau puntu erantsi zizkioten langileen osasunari dagokionari.
Honela, Udalak amiantoarekin zer ikusia izan duten langileei osasun azterketak egingo dizkie.
Bestalde, zaintza protokoloa aurrera eramango da langile hauekin eta osasunaren zaintzaren jarraipena egingo da.
Azkenik, langileei laguntza juridikoa emango zaie, auzitara joaten badira.
Gai honen harira, Gobernu taldeak herrian dagoeneko udal instalazioen inbentario bat egina zegoela eta Oztarango ikastetxean bakarrik geratzen dela jakin arazi zuen. “Amiantoa arazo larria da eta udalak serio lan egin du herrian egon ez dadin,” azaldu zuen Iñaki Mugikak.
Ezker Abertzaleak langile horiek gizarte segurantzarekin borroka handia dutela salatu zuen eta amiantoaren ondorioak gaixotasun profesionala izateko indarra egin behar dela azpimarratu zuen.

Hiribusa eta BOEak

Gai honetaz gain, ostegunean galderak eta eskaerak egitekoaukera izan zuten alderdiek.
Alkateak Ezker Abertzaleak, EB, LOHP eta EAJk egindako galderei erantzun eta LOHPak Hipodromo Etorbide eta Geltoki kaleko bidegurutzean sortzen diren trafiko arazoen kexa aintzat hartu zuen.
Honela, hiribusaren esperientzia positiboa dela eta bukatzean, honen jarraipena erabakitzeko auzo-elkarteekin bilduko direla jakin arazi zuen.
Bestetik, Donostialdeko RPTari buruz emendakin bakarra dagoela jakin arazi zuen eta teknikoekin bildu eta Udalak emendakina egingo zuela ere aditzera eman zuen.
Honetaz gain, Babes Ofizialeko Etxebizitzen hurrengo zozketa Eusko Jaurlaritzak etxebizitzen prezioak onartzen ez zituelako atzeratu dela jakin arazi zuen.
Azkenik, alderdiek plan ekonimikoaren zirriborroa dutela eta hori onartu ostean, 2011 urteko aurrekontuak aurkeztuko direla ere aipatu zuen.

Somoto Batzordea

Bestalde, Ezker Abertzaleko zinegotziek Somotoko batzordeko lehendakaria haienganako duen jarrera partziala salatu zuten eta “ez ditu gure proposamenak aintzat hartzen” adierazi zuten. Hainbat alderdi bat etorri ziren horrekin eta formalismo gutxiago egotea eskatu zuten. Gainera, EBko zinegotziak lehendakari aldaketa eskatu zuen.
Alkateak batzordeko lehendakaria demokratikoki erabakia zela gogoratu zuen eta udalbatzarra bukatutzat eman zuen.