Emakumeen kirola sustatzeko hitzarmenak sinatu ziren

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 17a

Kirol federatuan emakumearen parte-hartzea bultzatu asmoz, ostiralean, urtarrilaren 14an, lankidetzako hitzarmena sinatu zuten Lasarte-Oriako Udalak Lasarte-Oria Kirol Elkarteak, Ostadar Kirol Fundazioak eta Buruntzaldea Igeriketa eta Kirol Taldeak.
Sinatzeko ekitaldian Jesus Zaballos, Lasarte-Oriako alkatea; Fernando Eskoriaza, Udaleko Kirolen Batzordeko lehendakaria; Jesus Diez, Lasarte-Oria Kirol Elkarteko lehendakaria eta Kontxi Sarriegi, Ostadar K.F.ren ordezkaria egon ziren. Puy Solano, Buruntzaldea Igeriketa eta Kirol Taldearen ordezkaria ezin izan zen bertan egon.

Laguntza

Emakumeek kirol federatuan parte-hartze eskasa dutela ikusirik, Lasarte-Oriako Udalak laguntza-lerro bat garatzea erabaki zuen kirol federatuko jarduerak egiterakoan emakumeak positiboki diskriminatu daitezen.
Sustatze-lan hau herriko kirol-elkarteekin lankidetzako hitzarmenak sinatuz gauzatzen da.

Hitzarmenak

Hitzarmen horietan, plan honetan finkatutako helburua betetzeko alderdiek bere gain hartzen dituzten betebeharrak jasotzen dira. Laguntza-lerro honek, aurten, 13.446,22 euroko dotazioa du.
Lasarte-Oriako Udalak Lasarte-Oriako kirol-elkarteei ematen dizkien laguntzen helburua kirol-jarduera federatuan, kasu honetan atletismoan, judoan, futbolean eta igeriketan emakumeen parte-hartzea bultzatuko duten egiturak sustatzea da, beti ere, egituren proiekzioa eta interesa bat baldin badator Lasarte-Oriako Udalaren kirol-politikarekin.
Kontuan izan behar da, hitzarmen hauen azken helburua autonomoki bere jarduera garatzeko gaitasuna duten eta kirol eta finantza alorrean orekarako bermea duten kirol-egiturak bultzatzea dela.
Horregatik, sinatu ziren hitzarmenek urtebeteko iraupena izango dute, hau da, laguntza hauek ez dute jarraipen-espiriturik, haien iraupen-muga 2011 urtean ezarri da.