Michelingo lanak direla eta, Ostadarrek kalteak salatu ditu

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 19a

Ostadar Kirol Taldeko arduradunek Kirol Gune ondoan egiten ari diren lanek kalte ekonomikoa sortu dietela salatu dute.
Komunikabideetara bidali duten oharrean azaltzen dutenez, “garesti ordaintzen ari da Michelingo eremuan egiten ari diren obrak”.

Sarea jarri

Kirol elkarteko ordezkariek adierazi dutenez, “obrak hasi zirenean, zelai ondoan zegoen biltegian, Udaletxeak ez zuen aurrikusi Michelingo zelaian entrenamendu eta partidu mordo bat antolatzen zirela eta direla, ez zuen aurrikusi sare bat, derrigorrezko elementua, behar zela baloiak eremu horretara ez joateko”.
Izan ere, baloien galera handia da. “Batzuk galduta, beste batzuk zeharo puskatuta burnizko puntuekin jo ezkero, halaxe doa aurtengo futboleko denboraldia,” adierazi dute.
Ostadarrek udaletxeak dirurik ez dagoela eta ondorioz, babesteko jarri behar den sareak itxaron egin behar duela salatzen du.
Era berean, kluben egoera ekonomikoa ere latza dela azpimarratzen du,“Klubok ezta, ez daukagu dirurik, krisialdi garaia denontzat da, batez ere, besteek egindako erroreak ordaintzeko”.

Aurrekontuan sartu

Gauzak honela, Ostadarreko arduradunek sarea jartzea eta taldeen kalte ekonomikoa, Ostadarrentzat “momentuz 400 euro”, hurrengo aurrekontuetan izatea espero dute.
Baina, kalte ekonomiko horiek handitu daitezkela jakin arazten dute Ostadarretik, “tamalez, hau ez da bukatu futboleko denboraldia erdira ere ez baita iritsi”.