Danborraden barrunba entzun zen Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 20a

Atzo, San Sebastian eguna zen, danbor eta upelen festa handia. Lasarte-Oriako ikastetxeek aurre hartu zioten festari eta asteazken arratsaldean, danbor hotsak entzun ziren gure herrian.

San Sebastian martxa, Iriyarena, Tatiago edo Polka dira atzo Donostia eta Azpeitiako egun handian, San Sebastian egunean, entzun ziren doinuetako batzuk.
Herri hauetako haur eta helduen antzera, gure herriko ikastetxeetako haurrek ere egunak eman dituzte Donostia eguneko danborrada prestatzen. Halabaina, gure herrian bezperan, asteazkenean, ospatu zen festa handia.
Herriko haurrentzat ikasgelan egindako sukaldari edo soldadu jantzia eta egin dituzten entseguen emaitzak gurasoei erakusteko eguna izan zen.

Ilusio handia

Gauzak honela, Sasoeta-Zumaburu Ikastetxeko eta Landaberri Ikastolako ehunka ikaslek danborrak hartu eta asteazken arratsaldean, Raimundo Sarriegiren piezak jotzeari ekin zioten irrikaz haien gurasoen begiradapean.
Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko txikienak, Zumaburuko eraikineko patio estalian, izan ziren lehenak danborrak astintzen; gaztetxoenak, berriz, Sasoetako eraikineko gimnasioan bildu ziren eta konpainia desberdinetan elegante-elegante banaturik hainbat pieza trebetasun osoz jo ziztuzten.
Landaberri ikastolako, Garaikoetxea eraikinean, haurrek patioan jo zituzten beraien danborrak, txikienek ilusio handiz lehenengoz astindu zituzten gainera; Zubietako eraikineko ikasleek ere txintxo-txintxo jarraitu zituzten zuzendarien aginduak.