Ostadarreko atletismo sailak kirol jantzi berriak izango ditu

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 20a

Ostadarreko atletismo sailak, bere kirol jantziaren berritzea dela eta, lasarteoriatarrak animatu nahi ditu “taldeko partaide izan eta herri proba desberdinetan partehartzera edo ongi pasatzera”.
“Duela hiru urte, Lasarte-Oriako korrikalari talde batek lasterketa ezberdinetan identitatea izateko kirol jantzia sortzeko ideia izan zuen,” jakin arazi digute saileko arduradunak.
Horren ondorioz, Ostadar Kirol fundazioarekin, zeinek herriko kirol jarduera gehienak aurrera eramaten baitituen, hainbat bilera izan ostean, atletismoko saila sortu zen.
“Ostadarren laguntzaz eta Frutas Ruiz herriko denda eta Iparfrio enpresen babes ekonomikoarekin atletismo sailak bere lehengo kirol jantzia egin zuen,” adierazi digute.
Geroztik, igandero biltzen dira korrika egiteko, Gipuzkoa eta beste herrialdeetako hainbat probatan parte hartu dute eta “horregatik, ezagunak egin gara,” aipatu dute.

Ekipo berria

Egun jantziaren aldaketa beharrezkoa ikusten dute atletismo taldeko arduradunek, “aurreko ekipoa hobetu eta erosoago izan dadin, diseinua eta materialaren kalitatea aldatu behar da”.
Horregatik, kirol jantzi berrien eskaera egingo du Ostadarreko sailak.
Beraz, bazkideei jakin arazten diete, kirol jantzi berria eskatu nahi dutenek urtarrilaren 31a arte dutela.

Bazkide berriak

Era berean, Ostadarreko atletismo sailak bazkide berriak bereganatzeko kanpaina jarri du martxan.
Interesa dutenek, Ostadarreko bulegora, Geltoki kaleko 25 zenbakira hurbildu behar dira, astelehenetik ostiralera 17:00etatik aurrera edo 943 360 433 telefono zenbakira deitu behar dute, ordutegi horretan.